Jabier Muñoa (Zerain, 1966) artzainak Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen iaz eta aurten hirugarren saria lortu du Ordiziako lehiaketan. Gainera, bere gazta Europako 50 produktu onenen artean hautatu dute. Bere aitaren osaba batek irabazi zuen Ordiziako lehiaketaren lehen edizioa.
Gazta, ketua ala ketu gabea?
Goiko herri txiki hauetan (Idiazabal, Mutiloa, Segura, Zegama eta Zerainen) ketua sakratua da. Beasainen, Altsasun, Zumarragan… ketu gabea nahiago dute.
Ba al dago gustatzen ez zaizun gaztarik?
Ez. Gainera, gaztagileon lana gainontzekoen gaztak probatzea ere bada.
Zure zaletasunak?
Azoketara joatea eta gainontzeko artzainekin hitz egitea. Gure irteerak horiek izaten dira.
Liburu bat.
Egunkariak irakurtzen ditut.
Musika talde bat.
Joselu Anaiak.
Abesti bat.
Txoria txori eta Xalbadorren heriotzean. Xalbadorren semea hemen izan zen behin, Santos apaizak ekarrita.
Janari bat.
Gazta matoia (gazta gogortu aurreko masa).
Edari bat.
Etxe ondoko iturriko ura.
Oporretarako leku bat.
Bertan gozatzen dut gehien.
Goierriko txoko bat.
Barbarimendi.
Amets bat?
Edukiontziak lau kilometrora ditut eta berriro etxe ondoan jartzea. Herri txiki bateko enpresak horrenbeste merezi duela uste dut.
Zerainen biziko ez bazina…
Aizkorri bistan duen edozein tokitan.