Beasaingo 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoen aisialdiko taldea da Txilibutxof. Lagunartean eta gazte taldean elkarbizitzen ikasteko helburuarekin sortu zuen 1985. urtean, garai hartan Beasainen apaiz zegoen Iñaki Zabaletak. Katekesiaren eta sendotzaren arteko hutsunea bete nahi zuen gisa horretan.
30 urteotan taldeak makina bat gora behera izan ditu: hiruzpalau urtean, aisi talderik ez zen izan, gaztetxoen eta begiraleen katea eten egin zelako. Dena den, herri mailan ekintzak antolatzen jarraitu zuten: Erregeen Zamalkada, festetako dantzaokea, eskulan tailerrak, gurpil festa…. 2011ko abenduan berreskuratu zuten aisi taldea. Harrezkeroztik, urtero 30-35 gazte elkartzen dira. Begiraleen taldean, lehen ikasle izan ziren bi gazte daude.
Gaur egungo begiraleek haur garaiko oroitzapen «izugarri onak» dituzte: «Garai hartan 60tik gora izaten ginen». Gaua etxetik kanpo pasatzen zituzten irteerak zituzten orduan gogokoen. Gaur egun ere, begirale paperetik, oso gustokoak dituzte irteerak. Begiraleen eta gaztetxoen artean harreman berezia sortzen zela diote: «Idoloak izaten ziren begiraleak, ondo pasarazten ziguten pertsonak ziren».
Lehengo eta oraingo ikasleak eta begiraleak elkartu nahi dituzte Txilibutxofen prestatu duten urteurren festan.