Aspaldiko ohitura berreskuratuz Urbiatik Bizkaiko kostara joan da Mikel Etxezarreta bere artaldearekin; dokumental bat grabatzen ari dira.
Artzaintza eta transhumantzia elkarri lotutako hitzak izan dira betidanik. Artaldearen eta urte garaiaren arabera ibili behar izaten zuen artzainak, etxeko goxotasuna utzi eta hainbat egun irauten zuten bidaiak egiten zituzten, mendiko bordetan edo uzten zieten tokietan lo eginez. Artzainen lanbidea eta bizimodua aldatu da geroztik, baina oraindik badira ohitura horri eusten diotenak. Mikel Etxezarreta Olaberriko artzaina da horietako bat. Haren ibilerak grabatu eta artzaintzaren eta transhumantziaren inguruko dokumental bat egiten ari dira.
Pasa den ostegunean Urbiatik abiatu eta Uribe Kostara (Bizkaia) joan zen Etxezarreta, 250 buruko artaldearekin, bost eguneko bidaia eginez. Ez da, ordea, orain asmatutako kontua. Etxezarretak txikitatik gogoan du gurasoekin egiten zuela bide hori bera. Lau hilabete egiten zituen Zegamako eskolan, eta negu garaia iristen zenean, Plentziara joaten ziren, beste lau hilabete pasatzera. «Neguko kanpaina egitera» joaten zirela azaldu du Etxezarretak. «Gabonak aurretik joaten ginen eta maiatzaren aurrenera arte egoten ginen han».
Eta ez ziren bakarrak. Goierriko artzain ugarik, mendialdean elurra egiten zuenean, artaldeak hartu eta Bizkaia aldera joaten ziren, ardientzako larreen bila. «Hemen ganadu asko egoten zen orduan, eta larreak ere ez ziren denentzako lain egoten». Hori eta elurra ziren kostaldera joateko arrazoiak.
Bidaia honek, garai hartako oroitzapenak berpiztu dizkiola azaldu du Mikel Etxezarretak. «Lehen egiten genuen bidaiaren oroitzapenak etorri zaizkit burura. Bost egunetan egiten genuen ibilbide horretan, jende askorekin harreman zuzena izaten genuen, eta geraleku finkoak genituen. Garai bateko bidaia hori berriz egiteak gogoeta eta sentimendu ugari sortzen ditu, lehengo oroitzapenak berreskuratzea delako».
Bidaia gustoz eta garai bateko bizimoduaren oroimen moduan egin badu ere, «bidaia gogorra» dela aitortu du. Hala ere, «uste baino hobeto» joan dela eta bidean zehar «harrera ona» egin dietela azpimarratu du Etxezarretak. Paisaia aldetik aldaketa handiak izan dira, eta gaur egun «ia ezinezkoa» da orduko bidearen hainbat zati oinez egitea, trafikoa, eraikuntzak eta abar direla medio. «Dena aldatu da. Nik orain 52 urte ditut, eta azkena 28 urterekin joango ginen; pentsa hainbeste urtean zer nolako aldaketak izan diren».
Garai batean bezala, bost egunean egin zuten ibilbidea. Aurrenekoan, Urbiatik Otxandiora joan ziren. Hurrengo egunetan, berriz, Legutiotik Dimara, handik Zornotzara eta Larrabetzura eta ondoren Gamiz- Fikara joan ziren. Azken egunean, Andrakatik Getxora arteko bidea egin zuten. Bertako udalak harrera egin eta oroigarri bat eman zieten Mikel Etxezarretari eta Eli Arrillaga emazteari. Artzaintzan gizonek nahiz emakumeek egindako lana aitortu nahi izan zuten horrela.
Dokumentala grabatzen
Ibilbide osoan zehar, Etxezarretak Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxoztarrak izan zituen bidelagun. Izan ere, artzainen transhumantziaren inguruko dokumentala egiten ari dira. Urbiako eta Gipuzkoako artzainek urtero Bizkaiko kostara egiten zuten bidea dokumentatu nahi dute, eta Mikel Etxezarretaren bidaia aprobetxatu dute irudiak hartzeko.
Einarte Produkzioak ekoiztetxeak osatuko du ordubeteko dokumentala. Fredi Paiarena izan zen ideia, eta bera arduratu da gidoia egiteaz. Arlo teknikoa, berriz, Gisasolaren esku gelditu da. Dagoeneko hainbat erakunderen babesa eta laguntza jaso du proiektuak, tartean Idiazabalgo eta Zegamako udalena edota Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiena.
Akabuko martxea dokumentalak «artzainen lanbidea gogora ekarri eta balioa eman» nahi dio. Fredi Paiak azaldu duenez, «mendeetan zehar bizirik egon den ohitura bat» berreskuratu nahi izan dute, Gipuzkoako artzainek Bizkaiko Uribe Kostara egiten zuten bidaia, alegia. Hala, «zorte handia» izan dutela dio Paiak, izan ere, «ohitura horren azken katebegia» berreskuratu dute lan horretarako. «Gure eskualdera etorri zen azken artzaina izan zen Mikel Etxezarreta». Eta bere eskutik biziberritu dute garai bateko artzainek ohituraz egiten zuten ibilbide hura.
Transhumantziaren balioa eta memoria berreskuratzeaz gain, dokumentalak badu beste helburu bat: «Euskaldunon arteko hartu-eman historikoa oroitzea». Paiaren ustez «askotan hitz egiten dugu diasporarekin eta Ameriketako euskaldunekin dugun harremanaz, baina apur bat ahaztuta ditugu bizkaitarren eta gipuzkoarren artekoak. Eta nik uste Goierri eta Uribe Kosta elkar oso gutxi ezagutzen duten eskualdeak direla». Zentzu horretan, dokumental honekin «elkarren ulermenerako aukera berriak» sortu nahi lituzketela dio, «Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko harremana» indartuz.
Zegamara eta Idiazabalera ere joango da artaldearekin
Dokumentalerako egin duen bidaiaz gain, Mikel Etxezarretak beste ibilbide bat egingo du datorren astean, artaldearekin. Urbiako larreetatik Zegamara eta Idiazabalera joango da. Ostegunean, hilak 22, aterako da Urbiako Ttonttor txabolatik; biharamunean, 23an, Zegamara iritsiko da, bertan egingo duten 400. urtemugako ekitaldietan parte hartzeko. Hilaren 24ean, berriz, Idiazabalera iritsiko da, bertan ospatuko den Artzain Egunarekin eta Euskal Herriko Gazta Txapelketarekin bat egiteko.