Etxe barruan eta etxetik kanpo adinekoek izaten dituzten erorikoak prebenitzeko aholkuak eman dituzte adituek Beasainen. Etxe barruan bertan hartu behar dira neurriak, eroriko gehienak etxean gertatzen dira eta.
Datuek diotenez, adineko pertsonak, urtean behin edo gehiagotan erori egiten dira. Horrek, segurtasun eza eragiten du eta etxean geratzeko arriskua ekar dezake. Eroriko batek, gainera, ondorio larriak izan ditzake.
Dena den, adineko pertsonek etxean nahiz kalean izaten dituzten eroriko asko ekidin daitezke, neurri erraz batzuk kontuan hartuz gero. Beasaingo hitzaldian hainbat aholku eman zituzten adituek erorikoak saihesteko.
Kontuan izan behar da eroriko gehienak etxean gertatzen direla, eta norberaren etxea behar berrietara egokitzea da neurrietako bat. Aldaketa txiki batzuk eginda, prebenitu daitezke eroriko gehienak. Zenbait etxeko lan eserita ere egin daitezkeela jabetzea garrantzitsua da. Ez da komeni aulkiak erabiltzea altueretara igotzeko, eta enkarguak egiterakoan hobea da orgatxoa erabiltzea.
Horrekin batera, ezinbestekoa da ikusmen eta entzumen ona edukitzea, segurtasunez ibiltzeko etxean eta kalean. Ikusmen eta entzumen azterketak aldiro egitea komeni da.
Oinetako egokiak
Oinak zaintzeak eta oinetako egokiak erabiltzeak asko laguntzen du oinez ibiltzerakoan, egonkortasunari eta orekari eusteko. Horregatik, oinetakoak erosterakoan kontuan hartu behar da zapata-orkoia eta oinaren forma. Oinetako trinkoak erabili behar dira, oinari ondo eusten diotenak, barrualde sendoarekin eta zola irristagaitz baina malguekin. Etxean saiatu ez ibiltzen galtzerdi hutsean edo oinutsik; eta ez erabili oinetako atze irekirik edo orpoan sendogarririk ez duenik.
Medikuarengana joan
Erorikoren bat gertatzen denean, medikuarengana joatea komeni da, gertatutakoa kontatzeko eta zergatik gertatu den aztertu ondoren, berriro gerta ez dadin.
Etxe barruko aholkuak
Sukaldean.Eduki sukaldeko tresnak eskura eta ordenatuta. Ez gainkargatu entxufeak. Zorua lehor eta garbi eduki.
Bainugelan.Bainuontziaren ordez dutxa jarri. Heltzeko barrak jartzea ere komenigarria da. Alfonbra irristagaitza jarri dutxa barruan eta kanpoan. Altxa komunaren altuera, eta eusteko barrak jarri.
Logelan eta egongelan. Erraz mugitzen uzteko moduan jarri altzariak; kendu pasoa galerazten duten altzariak eta trasteak. Oheak zorutik 45-50 zentrimetrora egon behar du. Kendu alfonbrak, edo sistema irristagaitzekin lotuta eduki.
Argia. Argia egoki erabili behar da, txoko guztietara iritsi dadila, baina dirdira handiegirik gabe. Gauerako argi pilotuak jarri korridoreko entxufeetan. Eskailerak dauden kasuetan ondo argiztatu.