Ordiziako Oroith abesbatzak 30 urte bete ditu aurten, eta urtemuga ospatzeko kontzertu eta saio ugari egiten ari da. Barroko Aire jaialdian kantatuko dute igande honetan; Eguberrietara bitartean saio gehiago ere egingo dituzte.
«Kantuz sortu nahiz eta kantuz nahi bizi». Hala zioen Mikel Laboak ezagun egin zuen kantak. Eta bide beretik jarraitzen du Ordiziako Oroith abesbatzak. Aurten, taldea sortu zeneko 30. urtemuga ospatzen ari dira, eta agenda bete-betea dute. Igande honetan, esaterako, Ordiziako Barroko Aire jaialdiaren barruan abestuko dute, Et Incarnatus orkestrarekin batera.
Ordiziako musikazale talde bat elkartu eta Oroith abesbatza sortu zuten 1985. urtean. Amalia Ibañezen gidaritzapean egin zituen taldeak aurreneko urte haiek. 1994an, Gorka Aierbek hartu zuen zuzendaritza, eta 2000. urteaz geroztik, Katrin Iturralde ari da lan horretan. Urte horietan guztietan, sari ugari lortu ditu Oroithek, tartean Aviles eta Griñoneko jaialdien lehen sariak. Katrin Iturralde zuzendariarentzat ordea, Spittalen (Austria) jasotako 3. saria izan zen bereziena, nazioartean sona handia duen jaialdia delako.
Azken urteotan, «aukera eta formatu ezberdinak» probatzen ari direla diote. «Guk normalean elizan abesten dugu, duen akustikagatik, baina jende askori kosta egiten zaio elizara kontzertuetara joatea». Aurten esaterako, Amets Bide dantza taldearekin batera plazan egin zuten saioak, edo Mamma Mia musikalak «oso harrera ona» izan dutela dio.
Une honetan 18 bat laguneko taldea dute. «Talde txikia» dela dio Iturraldek, baina gustura dago; «talde ona da, ondo konpentsatuta dago, eta denek abesten dute; askotan hobea da gutxiago izan eta denek kantatzea 40 lagun eduki eta erdiek kantatzea baino». Adinez ere denetariko jendea dute, 18tik 50era bitartekoak gehienak. Abesbatzara jende berria erakartzea «oso zaila» egiten zailea azaldu du; hala ere, nahi duen guztiarentzat «taldea beti irekita» dagoela gogorarazi du, «bai umeena eta baita helduena ere».
Orkestrak lagunduta
Igandeko saioa «berezia» izango dela azaldu du Iturraldek. Izan ere, herri mailako abesbatza batek ez du askotan izaten orkestra batekin zuzenean aritzeko aukera. Iturraldek lehendik du harremana Miguel Zeberio Et Incarnatus orkestrako zuzendariarekin, eta bien arteko elkarrizketa batetik sortu zen ideia. «Gloria Vivaldi abestuko dugu, oso obra polita da, eta nahiz eta elizan izan, ea jendea animatzen den». Emanaldia 18:30ean izango da, elizan.
Eguberrietara bitartean beste bizpahiru saio egingo dituzte. Abenduaren 13an, Brittenen Saint Nicolas abestuko dute Donostian, Beasaingo Loinatz eta Donostiako Santa Zezilia abesbatzekin eta Santa Maria elizako kapera orkestrarekin batera. 23an, Oroith Txiki taldearen Gabonetako kontzertua izango da; eta 24an, urteroko bisita egino dute San Jose adinekoen egoitzara.