Galtzaileen bandoa, irabazle
Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Galtzaileen bandoa aukeratu genuen, dagoenarekin konformatzeko prest ez geundelako. Zerbait berria eraiki nahi genuen, bizitzarekin lerrokatuago dagoena. Lehiak baino, elkarlanak eta elkarri entzuteak batuko gintuen komunitatea. Militantzia. Justizia soziala. Galdutako kausak, ertzetako kolektiboen defentsa, ingurugiroa, agroekologia, euskara, independentzia, kulturartekotasuna, sozialismoa, feminismoa… zenbat bilera, zenbat egitasmo, zenbat asmo… eta zenbat frustrazio, zenbat oztopo, zenbat etsipen.
Tarteka, neure buruari galdetzen diot ez ote den errazagoa beste bizitzeko modu bat aukeratzea. Ordainsari huts baten truke lan egin, eta ez kausa kolektibo baten alde. Lanekoak bukatu ondoren etxera joan, eta sudur puntan jartzen zaiguna egin. Batzuetan irakurri, beste batzuetan kiroldegira joan… eta udako paga estrarekin, bidaia eder bat egin. Guraso izanez gero, guraso elkarteak antolatutako ekintzetara ikusle gisa joan, besteek egindakoaz gozatuz (edo kritikatuz). Festazalea izanez gero, besteek antolatutakoez disfrutatu. Besteek emandakoa jasoz, bizi. BIZI, letra larriz.
Baina ez, uste dut ezin dugula halakorik egin. Galtzaileon bandokook ez dakigulako egonean egoten, oso tarteka atsedenerako espazioak hartu arren. Genetikoa edo kulturala den, ez daukat oso argi. Baina bizitzeko modu bat da, bizitzeko gure modua. Dena den, egia da militantziaren izenean gure buruak ez zaintzera ohituegi gaudela. Eta, militantzia modaz pasata dagoen honetan, saiatu behar gara kausak bizigarriak izaten, gutxi egon arren, gaudenok ondo egoten.
Bihur dezagun galtzaileon bandoko ezaugarri nagusia komunikazioa, zaintza, zintzotasuna eta errespetua. Akaso, galtzaile gehiago geureganatuko ditugu horrela. Eta, nork daki, behingoaz galtzaileok irabazle bihurtuko gara, piramidea irauliz. ■
