Artadia
Gipuzkoako artadiak oso bereziak dira; izan ere, artadiak baso mediterraneoak dira, eta, beraz, gure lurraldekoak lekuz kanpo daude. Klimari eta lurzoruko baldintzei esker, artadia kostaldean ere atera da, batez ere kareharrizko mendigune karstikoetan; Mutrikutik Zarautza, esaterako. Goierrin ere badira artadiak, batez ere Ataunen.
Goierrin, arteak euri asko jasotzen du, eta urte guztian zehar, gainera. Mediterraneoan, aldiz, euri gutxiago egiteaz gain, garai lehorra pasatu behar izaten du udan. Horregatik, artea lur lehorrenetan agertzen da, kareharrizko lurzoru trinkoetan. Euri asko eginagatik, urak berehala egiten du ihes, bai azaletik, baita lurpetik ere.
Artadi kantauriarrak garaiera txikiko basoak izaten dira (8-10 m), eta oihanpea erabat korapilatua dute. Gipuzkoako artadietako enbor-dentsitate handiek eta enbor meheek adierazten dute gazteak direla. Zuhaitz ugari egoteaz gain, zuhamuxka eta igokari asko ere badaude, eta oso argi gutxi sartzen da baso barrura. Urte osoan zehar da baso itzaltsua; izan ere, artea (Quercus ilex) hostoiraunkorra da. Igokarien artean ohikoenak endalarra eta huntza dira; izan ere, oihanpe osoa har dezakete. Artadietan, geruza belarkara oso ahula da, itzalagatik, eta garoa, gramineoak eta itzalpera ondo moldatutako landare batzuk bakarrik bizi dira bertan.
Arteaz gain, nekez gailentzen da beste zuhaitz espezierik. Zuhamuxka batzuk soilguneetan eta baso bazterretan ager daitezke; erramua eta gurbitza (Arbutus unedo), adibidez. Hainbat zuhaixka ere agertzen dira: gartxu hostozabala (Phillyrea latifolia), txorbeltza (Rhamnus alaternus), erratza (Ruscus aculeatus), arrosa (Rosa sempervirens)…
Artearen balioa
Artadiak asko ustiatu izan dira. Haien onura nagusia egurretik atera da. Batez ere, sutarako eta kalitate altuko ikatza egiteko erabili izan da; burdingintzarako, besteak beste. Artadien egoera ona beren bizitokiko lur ezin okerragoei zor zaie. Izan ere, oso leku harritsu eta aldapatsuetan hazten dira; beraz, lurzorua oso mehea da, eta ez du balio ez nekazaritzarako ezta landaketetarako ere.
Historian zehar, larreak lortzeko deuseztatu da artadia. Larreak uztean, zuhaixkadi bat sortzen da, eta, bertan, gurbitza ateratzen da batez ere. Artadiko beste espezie batzuk ere agertzen dira. Azkenean, denboraren joanak arteari egiten dio mesede, motel baina tinko hazten baita eta gainerako landareak menderatzen baititu.
Artadien egitura berezi eta itxia oso aproposa da hegazti eta ugaztunen-
tzat; beraz, artadiek balio handia dute, bai fauna aldetik, baita flora aldetik ere. Izan ere, baso-habitat mediterraneoa izanda, espezie batzuk artadian bakarrik agertzen dira. ■
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.

