Ez garai batean bezala, baina oraindik ospatzen du Begoña Luzuriaga jostunak (Brinkola, 1947) Santa Lutzi, Urretxu-Zumarragan egun horretan beste ospakizunik izan arren. Lehen, bere jantzigintza eskolako ikasleekin batera afaria egin ohi izan zuen; orain, familiakoekin elkartzen da mahaiaren bueltan.
Nola ospatzen zen Santa Lutzi?
Afaria egiten genuen bezperan. Gu 40 emakumetik gora elkartzen ginen. Urretxu-Zumarragan akademia bat baino gehiago zegoen, eta askok ospatzen zuen. Kaleetan giro aparta izaten zen, hainbeste emakumerekin. Baina poliki-poliki galtzen joan da, eta gaur egun gutxi dira ospatzen dutenak.
Sastrea, jostuna, joskina… lanbide desberdinak dira.
Eta denen zaindaria da Santa Lutzi. Sastreak gizonezkoentzako arropa egiten du: trajeak-eta; jostunak, emakumeentzako jantziak: diseinatu, oihalak neurrira moztu, josi…; joskinak josi egiten du bakarrik. Diseinatzaileak ere badaude, eta hemen sormena sartzen da.
Zu jostuna zara.
Hala da. Brinkolan bizi nintzela hasi nintzen, nire lehengusu Mari Karmenek erakutsita. Amak ere bazekien josten, ahizpa bat jostuna zuelako, eta beste bat sastrea, eta asko laguntzen zidan. Lehen lana 16 urte bete baino lehen egin nuen, neskato batentzako bi soineko; eta nire lehen ezkontza-soinekoa, 17 urterekin.
Harrezkero, ez zara gelditu.
Brinkolarrentzat lehenik, gero Legazpikoentzat, 21 urterekin Zumarragara joan nintzen bizitzera eta han ere bezeroak egin nituen… Lan asko egin nuen, baina beti ikasten nebilen, gauza berriak probatzen. Gure lanbidean beti ari zara zerbait ikasten, besteek zer egiten duten begiratzen zuk zeuk egiteko… Ezin da beti berdina egin, bestela ez da aurrera egiten. Amak erakutsitakoa da. Aldizkarietan ikusitako modelo bat kopiatzea zaila zela iruditzen bazitzaidan, amak egiteko esaten zidan.
Jantzigintza akademia ere izan zenuen.
32 urterekin, jostea eta jostea aspergarria zela pentsatu nuen eta akademia bat ireki nuen, beste batzuei erakusteko: Txuri-Beltz. Ondo joan zen eskola, eta 40 ikasletik gora ere izan nituen aldi berean. Duela 10-12 urte itxi nuen. Nire akademiatik igarotako batzuk jarraitu dute josten eta bere lanbidea bihurtu dute han ikasitakoa.
Josten jarraitzen duzu.
Ez dut inoiz utzi. Nire alaba Leire Santillan moda diseinuaren munduan hasi zen lanean eta Ur denda ireki zuen Urretxun. Hari laguntzen ibili naiz, duela hiru urte jubilatu nintzen arte. Baina josteari ez diot inoiz utzi. Oraintxe, nere birlobarentzako soinekoa egiten ari naiz.
Hainbat emakumeri erakutsitako lanbidea, alabak ere jarraitua
Dendatan egindako arropa salgai egon arren, neurrira egindako jantzi asko egiten dira oraindik, pieza bakoitzaren kalitateak, lanak eta izaera bakarrak erakarrita. Jostunen lanak, beraz, badu etorkizunik Begoña Luzuriagaren ustez.
Horrelakoa da bere alaba Leire Santillan diseinatzaile eta jostun ezagunak egiten duen lana. Leire ezkontza eta ospakizunetarako soinekoetan bereiztu da. Ama harro dago, berak erakutsi baitzion lehen puntadak ematen. Txikitatik gustatu izan zaio jostea: 6 urterekin makinaz josten bazekien; 10 urterekin berak egindako soinekoekin joaten zen ikastolara… Josten eta patroiak egiten erakutsi zion Begoñak, eta gero moda-diseinua ikastera joan zen Bartzelonara, Londresera… Baina Urretxura itzuli eta Ur ireki zuen. Bertan landu du etxean ezagutu eta ikasi duen lanbidea.