Idoia Luzuriaga
Esker onekoak ikusten ditut euskal egileak Durangoko Azokan. Haien musika entzun edo liburuak irakurriko dituztenei eta agurtzera gerturatzen direnei eskerrak ematen dizkiete, bere lanekin gozatzeaz gain, azokarara joan, ilara itxaron eta tarte bat haiekin pasatzeagatik. Eta gustatzen zaizkit. Duela urte batzu musikari lotutako lanbidea izan nuen, komunikazio arloan eta egile askorekin harremana izan nuen. Orduan ikusi nuen, artisten artean, gero eta maila handiagoa izan, orduan eta esker onekoagoak zirela eta orduan eta errespetu handiagoa zuten beren publikoagatik. Nire begietara honek gizakiago egiten zituen, eta interesgarriago, eta handiago. Artista ez garenontzat ere, garrantzitsua da jarrera hori izatea. Aste honetan bertan, lagun batek oso modu politean gogorarazi dit zein garrantzitsua den batzuetan, besterik gabe, bizitzari eskerrak ematea. Ni ez naiz artista, baina hemen ere, nolabait ere izango genuen norbait beste aldean, gure gora beherak irakurtzen, ez Tere? Ba, azkenekoa den gure arteko testu honetan, horiei eskerrak eman nahi dizkiet, irakurleei. Baita ere tarte hau eskaini diguten GoiBerri-koei. Eta zuri, nire «batekoa» izateagatik. Milesker. Gure hurrengo Bat eta Bat, aurrez aurre, ohiko tokian. Ados?
Tere Madinabeitia
Egin ditugu saio batzuk Bat eta Bat atal honetan, Idoia! Amaiera iritsi da ordea, eta zuk esan bezala, esker onekoa izan behar. Neu ere eskerrak ematera noa. Zuri lehenik, irakurleei gero, eta Goiberri-ri azkenik.
Azken urteotan, urteak izan direlako txoko honetan idazten jardundakoak, batak bestearen berri izateko aitzaki izan da Bat eta Bat. Idazten duguna irakurri, irakurtzen dela jakiterik ere izan dugu, nik behintzat, irakurleren batek edo bestek galdetu didalako inoiz norbaitek gutunik idatzi al didan, auzoko jaietan izandako gorabeherekin elkartasuna adierazi didalako edo lagunekin Errioxako herri txiki bateko igerilekuetan zein ondo igarotzen dugun esan didalako. GoiBerri-k, azkenik. tarteka idazketarekin eta euskararekin topo egiteko aukera eskaini dit.
Baina ez gaitezen triste jarri. Zuk esan bezala, GoiBerri-ko hitzordua beste toki batera eramango dugulako, eta aurrez aurre hustuko ditugulako hemendik aurrera barruak. Irakurleei dagokienez, aurrerantzean ere izango ditugu, ez dut zalantzarik, eta lortuko dugu, berriz ere, beren gure gaiekiko interesa piztea. GoiBerri-k, berriz, aurrera jarraituko du gu gabe, eta tokia egingo die guk utzitakoan beste batzuei. Zorte on gure ondorengoei!
Bai. Gure hurrengo Bat eta Bat, aurrez aurre, ohiko tokian. Ez zaitez berandu iritsi, mesedez!