Ordizia Kirol Elkarteak bultzada berri bat eman nahi dio saskibaloi eskolari. Urte osoko eskaintzaz gain, Eguberrietarako kanpusa ere antolatu dute.
Kirolarekin lotura estua duen herria da Ordizia, eta hori, hein handi batean, umetatik egiten den lanari esker da. Lan horretan dihardu Ordiziako Kirol Elkarteak, Azatxo Saskibaloi Eskolaren bidez. Lehiakortasuna baino gehiago, parte-hartzea eta saskibaloirako zaletasuna bultzatu nahi dituzte. Hala, «proiektuaren filosofia nagusia, Goierriko neska-mutilen artean kirolaren praktika bultzatzea» dela azaldu du klubak.
Ordiziako saskibaloi eskola 2008-09 denboraldian jarri zuten martxan. Lehen urte hartan alebin mailako mutilen taldea osatu zuten; hurrengo denboraldian etorri zen neskena, eta geroztik, benjamin eta alebin mailako talde guztiak osatu zituzten. Gainera, saskibaloi eskolaren lehen denboraldian hasi ziren gaztetxoek senior mailarako jauzia eman dute aurten. Harrobi lana ondo egin denaren seinale.
Eskolaren lan metodologiari dagokionean, 60-90 minutu arteko entrenamendu saio bat egiten dute astero. Bertan, «motibazio positiboa» lantzen saiatzen dira, talde lana, errespetua, saiatzea eta konstantzia bezalako baloreak landuz. Horrela, saskibaloiaren bidez «jokalarien erabateko heziketan» lagundu nahi dute.
Beste pauso bat
Orain arte eskola sortu eta indartzeko lana egin bada, aurten beste pauso bat emateko erronka jarri Azatxok bere buruari. Klubak hausnarketa bat egin du eta «arazo nagusiena mutilen taldeetan dugun jarraikortasun falta» dela azaldu dute. Izan ere, «belaunaldi bakoitzeko talde oso bat» izatea lortu nahi dute, hau da, 10-12 gaztetxoko taldea. Zentzu horretan, eskolari «seriotasun puntu bat gehiago» eman eta egonkortu egin nahi dute.
Helburu horrekin, apustu garrantzitsua egin dute, maila handiko talde teknikoa osatuta. Endesa Ligan entrenatzeko titulua duen teknikari bat, eta kirol heziketan lizentziatuak izango dituzte entrenatzaile moduan. Horrez gain, saskibaloi eskolatik pasa diren zenbait jokalari ere entrenatzaile moduan hasi eta eskolan aritzea lortu nahi dute.
Gaztetxoen artean saskibaloirako zaletasuna bultzatzeko asmoz, aurten ere Azatxo Saskibaloi Kanpusa antolatu dute. Hilaren 28tik urtarrilaren 8ra egingo dute, goizetan.
Kanpusa
Eguberrietara begira, Azatxo Saskibaloi Kanpusa antolatu dute:
Egunak:
· Abenduak 28, 29 eta 30.
· Urtarrilak 4, 5, 6 eta 7.
Ordutegia:
· 09:00etatik 13:00etara.
Informazioa:
· www.ordiziasaski.com.