‘Ama Oiharte sagardo natural aparduna’ aurkeztu du Zeraingo Oiharte sagardotegiak. Edari fina da, burbuila txiki eta iraunkorrez osatua. Gabonetan topa egiteko edari ezin hobea dela azaldu du Oiharteko Haritz Egurenek.
Kopan zerbitzatzen denean segituan ikusten da edariaren kolore argia; aparra segituan jaisten da, eta orduan nabaritzen dira dituen burbuila txikiak. Iraunkorrak dira burbuilak. Dastatzerakoan, berriz, ahoan edari fina da, gozo tankerakoa. Izan zitekeen baina ez, ez da xanpaina, sagardoa baizik.
Zeraingo Oiharte sagardotegiak produktu berri hori kaleratu du, Ama Oiharte sagardo natural aparduna izenpean. «Gabonetan topa egiteko edari ezin hobea da», azaldu du Oiharteko Haritz Egurenek.
Duela hiru urte inguru hasi ziren sagardotegikoak proba berriak egiten, eta edari hau da emaitza. «Ikusi nahi genuen ohiko sagardotik atera, eta gauza berriak probatu daitezkeela», adierazi du. Finean, oinarria bera da: sagardoa. Alabaina, sagardoari bigarren fermentazioa eginez lortzen da aparduna izatea. Ez da graduazio handia duen edaria, sagardoak baino gradu bat gehiago du, %7 alegia.
Sagardoaren ama
Ama izena jarri diote «etxeko izarrari». Sagardoan–gehienetan botilan– gelditu ohi den hondarrari deitzen zaio ama. Orain arte askotan hondar hori botilatik kentzeko joera egon da, itxura garbiagoa eta politagoa lortzeko asmoz. Egurenek nabarmendu du itxura hobetzeko nahi horretan askotan kalitateari kaltea eragin izan diola. Horrela, Oihartekoak ama horren garrantzia kontuan hartu eta izen hori eman diote. «Ama dugu denok eta horren garrantziaz jabetuta gaude. Berdina gertatzen da sagardoaren amarekin ere».