Markel eta Peru 6 urteko bi mutiko biki dira. Gurasoei, haurrak izan dituztenetik, aldatu egin zaizkie ordutegiak, aldatu lehentasunak, eta aldatu, halaber, Gabonekiko ikuspegia. Mutikoen ilusioa ikusita, itxurakeria hutsagatik bada ere, berriz hasi dira zuhaitza jartzen, mahaiaren bueltan Gabon kantak abesten eta euren buruari jarritako opariak irekitzean ahoa postontzi bat bezala zabaldu, eta oooooooooo! sinesgaitz bat botatzen. Antzerkia, baina antzerki magikoa, agian.
Gaur merkataritza gune handi batera joan dira laurak. Aitak pilotaz jositako kaiola batera eraman ditu haurrak, amak bizkitartean erosketa batzuk lasai egin ditzan. Han ibili dira jo eta su, gora eta behera, bota eta hartu ordu erdian. Izerdi patsetan atera dira kaiolatik, eta hango ile lehorgailuarekin pasaldi bat ematea erabaki du aitak. Peru lehortu duenean, pixka batean zain egoteko esan dio, anaiarenak egin bitartean. Geldi egon beharrean, ordea, Peru honi begira eta hari segika hasi da. Gabonetako argien atzetik, orain piztu, orain itzali, jauzika-jauzika, oharkabean, etxekoengandik urrundu arte.
Jostailuetara iritsi da, bi erakusleiho handi dituen denda erraldoi baten parera. Hortxe ederki asko biziko zatekeela pentsatu du. A zer gozamena! Olentzerori aurreko astean idatzitako gutunean eskatutako transformerra ikusi du, eta hatzak gurutzatu ditu mese-mese-mese ekar diezadala! esanez. Baina supituki, 50 bat metrora, gunearen erdi-erdian dagoen etxolatxo bati begira geratu da. Etxolak ez, baizik eta haren alboan dagoen Bizar Zuri handi batek piztu dio arreta. Jajajajajja!, esanez ari da. Hurbildu denean, ahots ezagun bat entzun du: «Emadazu loteria txartel bat, faborez. Ea tokatzen zaigun, Olentzerok eraman beharreko opariak erosten dirua barra-barra joaten da eta!» Ama da hizketan ari dena. Esku bat ahora eraman du Peruk, begiak zabal-zabalik, bizkarra etxolaren kontra pausatuta, beherantz erortzen dela.
Korrika alde egin du, eta besteak utzi dituen tokirantz joaten saiatu da. Bidean egin dute topo hirurek. Aita haserre dago. Ez omen du albotik sekula urrundu behar, eta are gutxiago horrelako toki handi batean. Amarekin elkartu, eta denak joan dira etxera. Peruk, baina, ohikoa ez duen bezala jokatu du. Gurasoak ere ohartu dira, eta ama gelara joan zaio. ‘Zer duzu, laztana? Ez duzu hitz askorik egin!’ Ezer ez esatea zeukan pentsatuta mutikoak, baina hain zen potoloa kontua… ‘Badakit zeuk erosten dituzula Olentzeroren opariak, ama. Emakumea seko geratu da. Nola da posible 6 urterekin dagoeneko jakitea? Orain, Markeli ere esango dio!’ Bere pentsamenduetan dabilela, mutikoak gogor besarkatu du. Amaren gerria inguratu du haurrak besoez, eta aurpegian irribarre ezin handiago bat marraztu zaio! Gaur jakin du ama Olentzeroren laguntzaile pertsonala dela! Berria ezin hobea iruditu zaio! Eta pozez zoratzen dago! Amak, ordea, berean jarraitzen du: ‘Ibili da oraingoan ere ahozabalen bat esan behar ez direnak esanez! Zenbat kostatzen zaion askori isilik egotea!’
Egun ederrak pasa, eta Urte Berri On! Ez naiz ni oso zalea, baina argi dago haurrek oharkabean dena bihurtzen dutela magiko.