2015. urteko euri balantzeak azaltzen du ohikoaren barruan egin duela euria eta ez dagoela larritzeko arrazoirik.
Urte berriari hasiera ematearekin batera egin ohi da joandako urtearen balantzea. Inondik ere albiste garrantzitsu asko izan dira, baina bada bat oraindik ere urte hasi berrian denon ahotan bolo-bolo dabilena: eguraldia. Begi bistakoa da azken hilabeteetako eguraldia ez dela sasoi honetan izan ohi dena izaten ari; tenperatura altuak ari dira izaten, hego haizea, euri gutxi egiten ari da, eta euria egiten duenean ez da zaparrada izaten. Goi mendiak ere gutxitan jantzi dira elurrez.
Udazkena lehorra izan da, eta negua oraindik ere ez dugu bere hoztasunean ezagutu. Urtegiak ere maila baxuan daude. Batzuetan badirudi urte guztian ez duela euririk egin, baina hori ez da zuzena. Izan ere, 2015. urteari erreparatuta ikus daiteke euria egin duela, eta datuak ez direla inondik ere larriak: beste urteetako datuekin alderatuz, bataz bestekoaren barruan dago 2015a.
Euria neurtuz
Zenbat euri egiten duen neurtzeko tresna plubiometroa da, eta Goierriko hainbat puntutan daude jarrita neurgailu horiek. AEMET Espainiako Meteorologia Agentziak eta Euskalmet Euskal Meteorologia agentziak hainbat neurgailu dituzte Goierrin. Goiberri-k Legazpiko, Ordiziako eta Zegamako estazio meteorologikoetara jo du datuak biltzeko. Lehenengo bietan eskuz biltzen dituzte datuak; Legazpin Alonso Francesek, eta Ordizian Emilio Alvarezek. Plubiometroa egunero-egunero begiratzen dute, eta bertan ikus dezakete zenbat euri eta elur egin duen egun bakoitzean. Datu horiek biltzen dituzte, eta ondoren agentziara bidaltzen dituzte. Zegaman, bestalde, Euskalmet arduratzen da datuak biltzeaz. Kasu honetan, baina, satelite bidez hartzen eta bidaltzen ditu datuak estazioak, eta beraz, ez dago egunero datuak biltzen dituen pertsonarik.
Urteko balantzea
Egin du euria. Ez, agian, ohikoa den hilabeteetan, baina Goierrin ez da euri faltarik izan. Urteko lehenengo bi hilabeteetan bildu da euri gehien, eta aukera izan genuen hainbat herritako ibaiak ia gainezka ikusteko. Beste hilabeteak, aldiz, nahiko lehorrak izan dira, eta amaierakoak, berriz, ia lehor-lehorrak. Frances eta Alvarezek azaldu dute «inoiz» ez dutela horrelako hilabete lehorrik ikusi. Alvarez: «Euri gutxi egin duenean ere, orain baino gehiago egin du». Hala ere, urte hasierako euri horiei esker egoera ohikoa da, eta ez dago euri faltagatik larritzeko arrazoirik.
Guztira, 2015. urtean zehar egindako euri kantitateak honakoak izan dira: Legazpin 1.602 litro, Ordizian 1.152,2 eta Zegaman 1.476,6 litro ur bildu dira. Egia da iazko urtean, orokorrean, euri gehiago egin zuela, eta hala baieztatzen dute datuek: Legazpin 109,4 litro gehiago bildu ziren, Ordizian ia 350 litro, eta Zegaman 171,8 litro. Aldea badagoen arren, urtea bere osotasunean hartuta, desberdintasuna ez da horrenbestekoa. Legazpin, esaterako, 1949. urtetik hona aztertutako datuek erakusten dute urtean, bataz beste, 1.540,90 litro euri egiten dituela. Iazko urtea, beraz, ohikoaren barruan egongo zatekeen.
Egun euritsuena, bera
Urteko egun euritsuena berdina izan da hiru herrietan. Urtarrilaren 30ean jaso zen ur litro gehien. Legazpin 111,5 litro, Ordizian 81,5 eta Zegaman 122,6 litro. Legazpiren kasuan, iazkoa 1946. urtetik hona laugarren egunik euritsuena izan da.
Hilabete euritsuenaren eta lehorrenaren kasuan, gauza bera gertatzen da, eta hiru herrietako datuek bat egiten dute. Goierrin euri gehien egin duen hilabetea otsaila izan da, eta lehorrena, bestalde, abendua. Hor dago eguraldia jendearen ahotan egotearen gakoa. Izan ere, abenduan ia ez du euririk egin, eta normalean hilabete bustia izaten da: 250 litro inguru jaso ohi dira. Iaz, esaterako, hiru herrietan 250 litrotik gora jaso ziren abenduan. Desberdintasun horregatik iruditu daiteke 2015. urtean ez duela euririk egin, datuek ideia hori okerra dela azaldu arren.
2014. urteko datuei erreparatuz, ikus daiteke urteko lehen hiru hilabeteak eta azkenak izan zirela euri gehien pilatu zirenak: urtarrila, otsaila, martxoa, azaroa eta abendua. Lehorrenak, bestalde, ekaina, abuztua eta urria izan ziren. Kontua da duela bi urte erregularrago egin zuela euria, eta hilabete lehorragoak ez zutela horrenbesteko zeresanik eman horrexegatik, hilabete batean egiten ez zuena hurrengoan egiten zuelako. Dirudienez, urtarrila izaten da urteko hilabete euritsuena, eta iragarpenek asmatzen badute, segituan bustiko dira kaleak, elurtuko mendiak eta beteko urtegiak.