Arantxa Eziolazak (Idiazabal, 1941) bere izena daraman denda ireki zuen duela ia 40 urte. Bertan, denetik saltzen dute, janaria izan ezik. Egun, bere alaba Belenek lan egiten du bertan.
Zein zaletasun dituzu?
Denbora librea dudanean, dendara etortzea eta bezeroekin hitz egitea gustatzen zait.
Zuen denda XXI. mendeko Benta Txiki da.
Hala da. Hasieran mertzeria eta drogeria zen, baina ondoren herritarrek eskatzen ziguten guztia ekartzen hasi ginen.
Liburu bat.
Ez dut irakurtzeko denbora izan.
Musika talde bat.
Dendan Segura Irratia eta Euskadi Irratia jartzen ditugu beti. Batzuetan Joseina Etxeberria ere bai.
Abesti bat.
Euskal kanta guztiak gustatzen zaizkit.
Janari bat.
Edozein. Babarrunak asko gustatzen zaizkit, semea harakina dut, aita artzaina zen…
Edari bat.
Sagardoa.
Oporretarako leku bat.
Donostiara oso gustura joaten naiz.
Goierriko txoko bat.
Gabiria eta Larraitz.
Amets bat?
Osasuna edukitzea eta ingurukoekin ondo konpontzea.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Bilobetako batek oparitutako egutegi bat: familiako guztien argazkiekin egin zuen.
Gorroto duzuna.
Ez dut ezer gorroto.
Idiazabalgo alkatea bazina…
Ez da lan erraza…
Idiazabalen biziko ez bazina…
Donostian pisu txiki bat dugu eta bertara joango nintzateke.