Salduta daude dagoeneko Idiazabalgo The Frankys musika taldeak argitaratutako diskoaren ale guztiak. Bi euroan jarri zituzten salgai ehun disko, eta guztiak agortu ostean, Internet bidez eskura daiteke disko osoa, doan, www.lolabits.es helbidean. Taldean Jon Mujikak eta Haritz Oiarbidek gitarra jotzen dute, Ugaitz Hernandezek bateria, Orkatz Gagok baxua, eta Asier Mujikak taldeari ahotsa jartzen dio. Diskoa egun bakarrean grabatu zuten, arratsaldeko zortzietatik goizaldeko laurak arte egon ziren estudio barruan. Kideek bat egiten dute esperientzia «ederra» izan zela esaterakoan.
Duela urte batzuk hasi ziren elkarrekin jotzen, eta orain, asko dira beraien kantuak ezagutzen dituztenak. «Izugarria da jendeak zure kantak ezagutzea», azaldu du Oiarbidek. Musikari dagokionean, Oi! musikaren eta rock-aren arteko zerbait dela adierazi dute. Entzuten dituzten musika taldeak hartzen dituzte oinarri, baina estilo propioari gogor heltzen dio The Frankysek. Horrela, musika konposatzen hasten dira, eta momentuan sortzen du letra abeslariak. «Normalean denon artean erabakitzen dugu zertaz hitz egin nahi dugun, eta ondoren hitzak lotzen hasten gara», esan du.
‘Sanblasei’ musika jarriz
Bihar iluntzean joko du Idiazabalgo plazan The Frankys taldeak. Afalostean igoko dira taula gainera, eta ordu erdi-berrogei minutuko kontzertua eskainiko dute. Kontzertuak eman baino lehen beti entseguak egiten dituzte, baita kontzerturik ez badute ere.
Hala ere, arazoa dute lokalarekin, ez baitute entseguak ondo egiteko egokitutako lekurik. Duela gutxi mugitu dira egoten ziren lokaletik, soinu asko egiten baitzuten. Orain, berriz, «lasai» entseguak egitea dute buruan. Festen ondorenean, otsailaren 6an ere kontzertua egingo du Iruñean The Frankysek beste hainbat talderekin batera, Kateak Astintzen jaialdiaren barruan, beraien musikarekin jendea gozarazteko.