Sarri, esan ohi dugu baikor direnek gauzak alde onenetik ikusteko edo hartzeko joera dutela, hein batean Biziarekin bat egiteko prestuago daudelako. Neu iritzi berekoa naiz, hain zuzen, baikor arituz, «bai» esanez ari denak, bere izana Biziaren erritmoarekin jaria dadin nahi baitu. Ez da hauxe ikusten egunerokotasunean, izan ere Biziak aurkezten digun egoera bakoitza aztertu ordez, oldartuz baikabiltza, haserre eta egonezak gehituz, talkan jardunez, geu eta ondokoa erresuminduz, gurekin egoerok zerikusirik ez balute bezala… baina hain da estu eta bereziezina guztiok osatzen dugun soka!
Inguruari begiratuz, erreparatuko genuen mezu ezkorrak zabaltzeko gaitasuna dugula; nahiz eta gauza asko eduki, ezertarako ez garela eta ezer ez dugunaren ustea hedatzen dugu, eta hau hala da? Badira gure inguruan gorriak pasatzen ari diren pertsonak, miseriaren eria larruz ordaintzen dutenak… gure elkarrizketetan, guztiz konsziente ez garenean, gure egoera gorria eta gordina ez dela jakinik, zabaltzen dugun mezua bestelakoa da, txutxumutxuek eta beldurrek gartutako mezua, komunikabideak gurekin jarduten diren bezala, geu, komunikabideen antzera, besteei mezu ezkorra zabaltzen. Mesede ederra egiten ari gatzaizkie gure barruei epai eta iritzien eragile eta bultzatzaile fin izanez!.
Edozein elkarrizketatan erreparatuko zenuen norbera bere buruaz eta besteez nola aritzen den… ezezkoaren gurtza bukaezinean; «ez» halako zerbitzuei buruz mintzatuz, «ez» burututako lanez, «ez» ekimen berri eta bereziez… zer esango dizuet, ezaren ezerezean galduz gabiltza, «ez» horrekin beti bat eginez, eza gure barru eta larru-atal eginda.
Ez dut esaten bai esanez guztia onartu behar dugunik, ez, badira onestu behar ez diren gauza anitz, baina ezezko hori nola besteari adierazten diogun ikasi behar dugu, adibidez, konszienteki jardunez, elkarrizketetan etenak errespetatuz, esanak zentzuz adieraziz, eta ez gure haserrearekin pipertuta gure nikeriaren sumindura zabalduz.
Polita da baikor izanez pentsaera, sentsibilitate desberdineko pertsona eta taldeak lanean ikustea, proiektu bertsuetan bat eginda, eskuz esku, orpoz orpo. Ezinbestez, bai egiteko nahi horretan pentsatzeko, adierazteko, sentitzeko espazioak eskaintzen dira, guztion ahotsa aditua izanez, zilegitasuna bermatuz. Baikor denak, nahitaez, egiteko gogoa piztuta, sormenean aritzeko beharra izaten du, Biziak eskaintzen dizkion egoeretan bat eginez, egokitzen zaizkion arazoei irtenbideak emanez; eta gauza guztien gainetik, bestelako aditz bat, «eskertu» aditza, ahoskatzen ikasi behar du bere bizitzan, izan ere, eskertzeak oso laguntzen baitu giro samurra sortzen, bidean emandako urratsak preziatzen, eta hobekuntza beharrik bada, lan sakonagoa egiteko pausoak ezartzen.
Gugan dago giltza, ez bakarrik eskatzea, geu eskaintza bide izatea, eta bihotzez eskertzea, horrek egingo baikaitu, jendearen aurrean, handi eta sinesgarri, baikortasunean hezitako egiazko herri! Tagore olerkariak zioen: «Eguzkia galdu duzulako negarrez bazaude, malkoek ez dizute izarrak ikusten utziko». Egin dezagun ahalegin baikortasunaren disdira hedatzen. Ea gure pausoek hautatu beharreko bide zuzena distiratzen laguntzen diguten. Hala bedi!