Idiak gurdiei tiraka, belarra eta bestelakoak garraiatzen. Garai batean horixe ikus zitekeen Eitzagako bidean. Ez hain aspaldi ere, herriko adinekoenek oraindik gogoan baitute autoek eta idiek bidea elkarbanatzen zutenekoa. Urte gutxian asko aldatu da, ordea, Eitzagako itxura. Zerikusirik ez argazkiko lurrezko bide estuarekin.
Argazkia XX. mendearen hasierakoa dela uste du Antonio Pradak, Zumarragako artxiboko arduradunak. Geroztik, asfaltoa bota eta hiru erraileko bidea egin zuten. Urte askoan izugarrizko trafikoa izan zuen errepideak, bai autoena, baita kamioeina ere. Autobidea egin zutenetik, ordea, lasaitasuna itzuli da errepidera eta inguruko baserrietara.