Unai Eliasek (Urretxu, 1999) xakean jokatzea du gustuko. Aurten seigarren aldiz ari da Eire Torneoa lehian. Oso gazte zela, 11 urterekin hartu zuen parte lehendabizikoz Unai Eliasek Urretxuko Eire tabernan antolatzen duten Eire Xake Torneoan. Aurtengoa seigarren urtea du, baina partiden aurretik, oraindik, urduri jartzen dela aitortu du. Xakea gozatzeko modu bat da Eliasentzat, baina lagun on asko egiteko bitartekoa ere izan da.
Nolatan eman zenuen izena Eire Torneoan 11 urte zenituela?
Aitarekin etorri nintzen partidetako bat ikustera. Izen-ematea irekita zegoela eta jendea falta zela esan ziguten, eta parte hartzea erabaki nuen. Hasieran, mesfidantzaz hartu ninduten, umeegia nintzelakoan. Galdera batzuk egin zizkidaten, eta zenbait saio egin nituen, nire maila zein zen ikusi nahi baitzuten antolatzaileek. Partida bat irabazteko helburuarekin etorri nintzen orduan, baina ia ligaxkako kanporaketetatik pasatzea lortu nuen. Oso oroitzapen polita dut, lehenengo urte hura ahaztezina izan zen niretzat.
Zer azpimarratuko zenuke Eireko txapelketatik?
Bertako giroa, batez ere, baina lehiatzea ere asko gustatzen zait. Giro ederra sortzen da partiden inguruan eta urte hauetan lagun on asko egiteko aukera izan dut. Begiratzen, gure artean komentatzen asko ikasten dut. Orain, gauetan ere etortzen naiz partidak ikustera. Lehen ez zidaten uzten!
Noiz hasi zinen xakean jokatzen?
Oso gazte, zortzi bat urte nituela. Aita eta anaia ikusten nituen jokatzen eta halako batean ni ere animatu nintzen. Partidak irabazteko gai nintzela ikusi eta horrela hasi nintzen.
Legazpiko Santikutz xake taldeko kidea zara. Nolatan?
Xakean hasi berri nintzela Legazpin antolatu zuten torneo bat jokatzera joan nintzen. Irabazi eta Santikutzen aritzeko gonbitea egin zidaten. 12 urte bete arte Santikutzekin eta Urretxuko Goierri xake taldeko Jon Alvarezekin aritu naiz. Asko ikasi dut berarekin. 12 urterekin federatzeko garaia iritsi zitzaidan eta talde baten aldeko hautua egin behar izan nuen.
Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan ere aritu zara.
Bai, oso esperientzia politak izan dira. Xakean orain arte bizi izandako une politak nekez errepikatuko ditut. Orain partidak jokatu eta xakeaz gozatzea dut helburu.