Urretxuko gazte honen aldeko jaialdia egingo da otsailaren 13an, larunbata, Gaztetxean, bere bi zaletasunak elkartuz. Musika betidanik gustatu izan zaio Markel Lopezi (Urretxu, 2000), eta txakurrak duela urte batzuk ditu ondoan, bere egunerokoa errazteko gertu.
Markelek azaleko gaixotasun larria du, epidermolisis bullosa edo tximeleta azala. Horrek, egunerokoan moldatzeko trabak eragiteaz gain, zama ekonomiko astuna ere ekartzen dio familiari. Zama hori arintzen laguntzeko, ongintzazko jaialdia egingo da bihar Urretxuko gaztetxean, Denok Markelekin izenburupean. Markelen bi zaletasun elkartuko dira bertan: txakurrak eta musika.
Indartsu eta Aurrera atera
Txakurren erakustaldiarekin hasiko da jaialdia, Ederrena pilotalekuan, 13:00ean. Bilboko Indartsu txakurren formakuntzarako eta trebakuntzarako zentroak eskainiko du. Partaideak bi artzain txakur belgikar, artzain txakur alemaniar bat eta artzain txakur holandar bat izango dira. Laurak, txakur handiak, baina «jostalariak eta maitagarriak», Indartsu taldekoek adierazi dutenez.
Erakustaldiak bi zati izango ditu. Batetik, segurtasun txakurrekin egiten den lana erakutsiko dute: defentsa, eraso, harrapaketa edo bilaketa ariketak aginduko dizkiete. Segurtasun txakur horiek, adibidez, defentsa pertsonalerako, lur-sail eta etxe inguruak zaintzeko edo tratu txarrak jasaten dituztenak babesteko erabiltzen dira. Segurtasun txakurrek, gainera, lehiaketetan ere parte hartzen dute, eta salto edo obedientzia ariketak egiten dituzte.
Bigarren zatian, laguntza txakurren lana erakutsiko dute. Desgaitasunen bat duten pertsonak laguntzeko hezitako txakurrak dira eta, besteak beste, ateak eta kajoiak irekitzen dituzte, argiak piztu edo arropa eranzten lagundu.
Markelek ondo ezagutzen du laguntza txakurren mundua, berak baduelako bat: Izar (lehena Antxoa izan zen). Gainera, bere ama Saioa Arrizabalagak beste bi lagunekin sortu duen Aurrera Atera elkartean ere buru belarri dabil. Animaliekin, txakurrekin bereziki, terapiak eta erakustaldiak egiten dituzte. Txakurtegietatik jasotzen dituzte normalean txakurrak, edo txikiak direnean adoptatu, eta hezi egiten dituzte desgaitasuna duten pertsonekin edo premia bereziak dituztenekin lan egiteko. Bergarako Uliazpi zentroko erabiltzaileak dira Aurrera Atera elkartearen terapia saio horiek baliatzen dituztenetako batzuk.
Musika elektroteknoa
Markel Lopezen aldeko jaialdiak 17:00etan jarraituko du, gaztetxean, Dj-en emanaldiarekin. David Meiser, The Outlier, Jon Maraka, Jondi, Iñigo Txanpaña, Gordon, Unaikox, Barajas, Kanuto, Manu 16V eta Axular Dj-ek musika elektroteknoa jarriko dute.