Iker Azpeitia (Legazpi, 1980) saltsa guztietako perrexila da. Sorgintxulo aisialdi taldeko sortzaileetako bat da, Legazpiko Gazteak kirol elkarteko lehendakari izandakoa, futbol zazpi txapelketako antolatzailea, D-Pintxos musika taldeko eta R ke R elektrotxarangako kidea ere bai. Eta berriki Goiz Deia txistulari taldeko zuzendari kargua hartu du, gainera.
Ezin al zara geldirik egon?
Bizitza erdia daramat saltsa ugaritan sartuta eta horrela jarraituko dut ahal dela.
Zein zaletasun dituzu?
Mendia, bizikletan ibiltzea eta lagun artean mahai inguruan bapo-bapo jartzea.
Liburu bat.
Aspaldi ez dut irakurri, baina lehen Jon Arretxe gustura irakurtzen nuen.
Musika talde bat.
EH Sukarra.
Abesti bat.
Ondoan, Xabier Zabalarena.
Janari bat.
Amak egindako tomatea.
Edari bat.
Sagardoa.
Oporretarako leku bat.
Eskoziara itzuliko nintzateke berriz.
Amets bat.
Nire saltsetan lasai eta denbora gehiagoz ibiltzeko, erretiroa. Jeje!!
Jaso duzun oparirik bereziena.
Sorgintxuloren 10. urteurrenean eta futbol zazpiko lehen txapelketako finalean dantzatu zizkidaten aurreskuak.
Zerk sortzen dizu irribarrea?
Bertso batek, mendi puntako bistak…
Goierriko txoko bat.
Kimu berri aterpea eta ingurua, Lakiolan.