Ekainaren 5ean 50 urte beteko dira Legazpi eta Gabiria arteko mendiaren puntan gurutzea jarri zutenetik. Oargi elkarte legazpiarra arduratu zen, 1966an. Erniokoaren berdina da. Lehenago harri pila erraldoi bat zegoen.
«Gurutz done au Korosti-Mendiko gurutzearen bir-egiña da. Legazpiko mendigoizale ta aien kideak jasoa izan da. Euskal-Erriko bazter onetako zaindari onetzia izan bedi. 5-6-1.966». Halaxe dio, hitzez hitz, Aizaleku mendian dagoen gurutzearen oinean, txapatxo batek. Legazpik eta Gabiriak muga egiten duten gailurrean (809m) duela 50 urte jarri zuten gurutzea.
Ekainaren 5ean beteko du mende erdia. Legazpiko Oargi mendizale elkarteak 1966an eraman eta kokatu zuen, beste txapa batek gogoratzen duenez. Eta inskripzio beharrik gabe gogoratzen du Periko Agirre legazpiarrak nola jarri zuten, bera izan baitzen haietako bat.
«Gurutzea Angel Beldak eta nik egin genuen, Patriziorenean. Gero, jarri, denon artean jarri genuen, 1966ko ekainaren 5ean», dio Agirrek.
Bidea ere ireki egin behar
Gurutzea bizkarrean eraman behar izateaz gain, bidexka ireki eta gailurra berdindu behar izan zuten, lehenago. «Lehen ez zegoen ezer Aizalekuren puntan». Harri pila bat besterik ez, lurrean. «Lehenago, Gabiriako fraideek egindako harrizko pila handi bat zegoen. Ia egunero joaten ziren fraideak, ibiltzera; eta harri bat gaur, beste harri bat bihar, izugarrizko eraikuntza egin zuten».
Urte batzuk lehenago itxi zuten pasiotarren Gabiriako ikastetxea, eta bukatu ziren mutikoen Aizalekuko txangoak. Han geratu zen piloa, baina euri, haize eta elurrek bota zuten, denborarekin. «Harri denak zabalduta geratu ziren, eta narrasa zegoen tontorra», dio Agirrek.
Segura Irratiak ere oraindik jarri gabe zeukan antena-errepikagailua. Beraz, ez zegoen baso-biderik gora. Egunero joanez ibili ziren mendizale legazpiarrak, bidea irekitzen eta gaina prestatzen: zabalgune bat sortu zuten, harri zaharrekin.
Erniokoaren berdina
Korostikoaren berdina izateaz gain —Legazpiko beste mendi bat da—, Ernioko gurutze ospetsuaren senidea da Aizalekukoa. «Erniokoaren planoak nik neuzkan, Endika Amilibia mendigoizaleak emanda».
Patricio Etxeberria lantegian egin zuten gurutzea, baimena eskatuta eta herriko apaiz Jesus San Sebastiani nagusia limurtzeko laguntza eskatuta.
Altzairu herdoilgaitzezko 2 milimetroko txaparekin egina dago. 16 kilo da pisuan eta metro bat pasa altuan. 1966ko ekainaren 5ean, igandea, inauguratu zuten, meza bertan emanda. Jendetza igo zen Aizalekura. Gero festa izan zen, Aztirian. 50. urteurrenerako ere ari dira zerbait prestatzen.