Juan Inazio Iztueta dantzari eta koreografoaren (1767-1845) sorterria da Zaldibia. Besteak beste, Guipuzcoa’ko dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburua plazaratu zuen 1824an, eta bertan Gipuzkoako 36 dantza zehatz-mehatz jasota utzi zituen.
Historiaren joanean dantzarekin lotu estua izan du Nañarripeko herriak, eta gora beherak gora behera, dantzarako ohiturari eta tradizioari eusten jakin du. Datorren igandean, hilak 13, esaterako, Iztueta dantza taldeak antolatuta, aro berriko 26. Dantzari Txikien Eguna hartuko du Zaldibiak, eta hortik hamabost egunera, hilaren 27an, Saturdiko Erromerian dantzak ez du kalerik egingo.