Herria egitea. Herriko haurren eta gazteen arteko sareak ehuntzeko bitartekoak jarri, eta sortutako harreman horiek denboran iraunaraztea. Horrela laburbildu daiteke Legazpiko Sorgintxulo aisialdi taldearen ia hogei urteko ibilbidearen jarduna. Borondatezko taldea da, trukean ezer eskatu gabe urte guztian zehar herriko haur eta gazteentzako ekintzak antolatzen dituena. Horrek, hala ere, ez du esan nahi ezer irabazten ez dutenik. Pertsonen arteko harremanak sendotu eta balioetan hezteko bidea ematen baitie taldeak, bai antolakuntzan dabiltzan begiraleei, bai eta ekintzetan parte hartzen duten haur eta gazteei ere.
Ibon Gurrutxaga, Unai Otaegi eta Jon Arroyo 18 eta 22 urte arteko beste 23 gazterekin batera dira egun Sorgintxuloko begirale taldea osatzen dutenak. Beraiek ere haurrak izan ziren noizbait, eta orduan hasi zen Sorgintxulorekin harremana. «Egun begirale bezala gauden gehienak haurrak ginela hasi ginen Sorgintxulon parte hartzen», azpimarratu dute.
Elkarlana oinarrian
Urte guztian zehar antolatzen dituzte Legazpiko haur eta gazteei zuzendutako ekintzak Legazpiko Udalarekin elkarlanean, «hileko bat», esan dute. Bestalde, «auzo ezberdinetako jaietan ere» izaten da beraien presentzia, gehitu du Gurrutxagak, eta beharraren arabera, herriko beste elkarte batzuekin elkarlanean ere aritzen dira. «Legazpiko jaietan Telleriarteko Txirrindulari elkarteak eskatuta zerbait antolatuko dugu Santikutz Txirrindulari probaren egunean», aurreratu du Arroyok. Guztiarekin, urte osoko ekintzarik garrantzitsuenak «Aste Santuko irteera eta uztaileko udalekuak» izaten direla gogoratu du Otaegik.
Sorgintxuloren helburu nagusia, «gazteen aisialdia euskaraz sustatzea da», Otaegiren iritziz. Baita, «herriko gazteak elkar ezagutzeko» topagune izatea ere. Lagun arteko giroa dute, «gurea bezalako borondatezko talde batean ezinbestekoa da giro ona egotea irauteko». Haurrek ondo pasatzea ere bada helburu nagusietako bat noski, «baina ardura handia daukagu, hezkuntza ez formalean parte hartzen dugun aldetik». Udako udalekuak prestatzea da orain duten erronka nagusietako bat.