Ezkio-Itsaso udalerria aurten desegingo da. 1964ko bateratzearen aurreko egoerara itzuliko dira: Ezkio alde batetik, Itsaso bestetik. Bakoitza bere udal, zerbitzu eta autonomiarekin. Itsaso bereiziko denez, hark ditu lan handienak.
Juridikoki, Ezkio-Itsasoko Udala dela Ezkioko Udala izatera igaroko da, behin Gipuzkoako Foru Aldundiak Itsasoren desanexioa onartzen duenean. Ezkiok mantenduko du izendapen fiskalerako zenbakia eta udalbatza. Itsasok, aldiz, bere egitura sortu beharko du. Udalerri bat eraiki beharko dute itsasoarrek, duela 51 urte pasa izateari utzi ziona berreraikiz.
Nola egiten da udalerri bat? Goierrin, azkeneko esperientzia Altzagarena da, 1990ean. Foru Aldundiak dekretuz Itsaso udalerri beregain izendatu orduko, Kudeaketa Batzorde bat eratuko du. Biztanleriaren arabera, bost kide izango ditu, eta euren artean aukeratuko dute batzordearen lehendakaria. 2019ko udal hauteskundeak arte gobernu organo horrek gidatuko du Itsasoko Udala.
Ezkioko Udalak gaur egungo udalbatzarekin segiko du. Aldaketa batekin: Itsasoko bi zinegotzik —Gorka Sasietak eta Joxemari Barrenetxeak— dimisioa emango dute, eta haien ordez bi ezkiotarrek hartuko dute kargua. Garikoitz Aiesta alkateak, nahiz Itsasoko partekoa izan (Mandubiakoa da), Ezkioko alkate segiko du.
Azpiegitura aldetik, itsasoarrek Itsasoko Ostatuko lehen solairuan egokituko dute udaletxea. Egokitze lanak aurreratuta dituzte; lurra lixatzea eta hornitzea falta da soilik. Itsaso herrigunea izango da udalerriaren herriburua; Alegia, auzoa.
Mugak, 1964ko berak
Administratiboki, garbi dago bi udalerri sortu berrien arteko mugaketa: Zozabarro (edo Zabalegi) errekak bereiziko ditu Santa Lutzi ibarreko isurialdean; mendiz beste aldera, Matxinbenta auzoan dago mugarria. Kurioski, auzo txiki haren zatiketan udalerri bat gehiago sartuko da: Ezkio, Itsaso, Beasain eta Azpeitikoa izango da.
1964ko mugaketatik alde bakarra Zozabarro inguruan dago, Iberdrolaren argindar zentrala egiteko erreka zerbait desbideratu zutelako. Itsasoko udalerria 20 mugarrik zehaztuko dute; identifikatuta, geokokatuta eta adostuta dauzkate.
Mugaketa garrantzia handia izango du, horrek ebatziko duelako ondasun higiezinak nola partitu: herri bakoitzak bere lurraldearen barruan dauden eraikin, lurzoru eta higiezin publikoak izango ditu.
Hala, Ezkioko udalerrian geratuko dira haur eskola, ikastetxea, herri eskola, osasun etxea, liburutegia eta udal biltegia. Baina itsasoarrek ezkiotarren eskubide berdinak izango dituzte eraikin eta zerbitzu horiek erabiltzeko, estipulazioek diotenez. Zerbitzu komun horiei buruzko akordioa agintaldi bakoitzaren hasieran aztertuko dute bi aldeek, eta, eragozpenik ezean, hurrengo agintaldira arte luzatuko dute.
Makinariaren eta ibilgailuen jabetza partekatua izango da. Oinarrizko azpiegiturak bakoitzak bereak ditu, dagoeneko:?hilerria, ur depositua…
Trantsiziorako urte bat
Itsasoarrek eta ezkiotarrek baldintza adostuen txostena onartuta daukate. Martxoaren 16ko udalbatzarrean aho batez onetsi zuen Ezkio-Itsasoko Udalak ere. Horren arabera banatuko dituzte ondasunak, eraikinak eta zerbitzuak.
Udal langileen gaian, adibidez, urtebeteko trantsizioa izango da. Langile guztiek Ezkioko udaletxean lan egingo dute, bi udaletarako. Haien kostua ere biztanleriaren proportzioan ordainduko dute: %75 Ezkiok, %25 Itsasok.
Aurrerantzean, idazkari-kontuhartzaileak bi udaletarako lan egingo du, aldundiak idazkaritza elkargo bat sortuko duelako. Aguazila ere proportzio berean ariko da, bietan. Itsasoko Udalak kontratatuko du gizarte langilea, administrari bat (lanaldi erdian) eta bake epaitegiko idazkaria, dagokion ordu tartean. Itsasoko udaletxea «egunero 4-5 orduan irekita» edukitzea da asmoa.
Finantzazioari dagokionez, Itsasoko Udalak UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik dirua izango du, «segituan». Bestetik, Ezkio-Itsasoko Udaleko gerakineko %25 jasoko du.
Aurrerantzean, Itsasoko Kudeaketa Batzordeak erabakiko du zein garapen agentziatan esku hartu, edota udalerriz gaindiko mankomunitateetan nola parte hartu.
Ondasunei dagokienez, Itsasoko Udalaren esku geratuko dira honako eraikinak, denak ere Itsason daudenak:?Goiko Ostatua, haren aurreko plaza, hilerria, Itsasoko Ostatua, Itsasoko eskola-etxea, Itsasoko plaza, Alegiako eskola-etxea, Alegiako frontoia eta Alegiako plaza. Horiez gain, hamar lursail eta eraikinei loturiko beste hiru lursail libre ere izango ditu.
Udala, bizkarrezurra
Itsaso Bherria elkarte eragileak gidatu du Itsaso udal burugain izateko prozesua, 2014an gorpuztuz geroztik. Haren iritziz, herriak udala izatea «bizkarrezurra»?da. «Zentralizazioa diktadurak ezarri zuen; orain deszentralizazioa behar da. Udala herritarrek parte hartzeko lehen egitura da, demokraziaren oinarria. Herritarrak ahalduntzea da: partaidetza dakar, gardentasuna, elkartasuna, erabakitzeko eskubidea… Denok, gainera, eskubide berdinak ditugu zerbitzuak izateko eta baliabideak kudeatzeko. Herri bezala, konpromiso horiek hartzeko prest gaude. Nahi dugu, eta ahal dugu», diote kideek.
Bideragarritasun ekonomikoa
Siadeco etxeak 2014ko urrian egindako txostenaren arabera, Ezkioren eta Itsasoren aparteko ibilbidean, udal diru baldintzek zer norabide hartuko duten azaltzen da jarraian, hainbat adierazletan.
Gastu arrunta biztanleko. Bi udalen kasuetan, gaur egungo Ezkio-Itsasoko gastu arrunta baino gehiago izango dute. Itsasoko Udalak 1.309,8 euro izango lituzke biztanleko. Ezkion 1.260,7 izango da. Azken bost urteetako bataz bestekoa, Ezkio-Itsason, biztanleko 1.188,4 euro izan da.
Ohiko sarrerak biztanleko. Sarrerek ere gora egingo lukete, bi udaletan. Itsasoko Udalak biztanleko 1.705,9 euro hartuko lituzke. Ezkioko Udalak, 1.714 euro. Orain arte, Ezkio-Itsasoko Udalak 1.570,1 €/bizt. du ohiko sarrera.
Aurrekontu balantzea. Siadecoren kalkuluen arabera, bai Itsasoko Udalak, bai Ezkioko Udalak aurrekontuetako gastu/sarrera balantzea positiboa izango lukete. Itsason 206.954 eurokogastu arrunta aurreikusten da, eta 269.529 euroko ohiko sarrera. Ezkion, berriz, 568.556 euroko gastua eta 773.017ko sarrera.
Aurrezki ahalmenarekin. Balantze horrek, Itsasori 62.575 euroko aurrezki ahalmen garbia ematen dio, eta Ezkiori 204.461 euro (biztanleko 453,4 euro). Ezkio-Itsasoko Udalaren ahalmena 220.722 euro da (biztanleko 362,4 euro).
Finantzazioa zerbitzu komuetan. Bideragarritasun txostenak itsasoarrek Ezkion kokatutako hainbat zerbitzu erabiltzeagatik transferitu beharreko kopurua ere jasotzen du, gaur egungo egoeran. Urtean 33.795 euroko litzateke.
Ezkio-Itsaso, 51 urteko historia
1964-11-13. Espainiako Gobernuaren Ministro Kontseiluak Ezkio eta Itsaso udalerriak batzea onartu zuen. Dekretua 1964-11-26an ofizialdu zuten, 3943/1964 zenbakiarekin, eta 1964-12-15eko BOEn argitaratu zen, Francisco Franco estatuburuak sinatua.
1965-3-1. Ezkio-Itsaso eta Gabiria idazkaritza elkargo bakarrean bildu zituen Espainiako Gobernuak, idazkari bakarra eduki zezaten.
1965-3-2. Ezkioren eta Itsasoren bategitea gauzatu zen.
1969-12-3. Iberica Iberduero SA enpresari argindar zentrala eraikitzeko eta Santa Lutzia erreka eta Zozabarro errekastoa desbideratzeko baimena eman zion Espainiako Gobernuak.
1981-4-9. Udalerriaren izen ofiziala ‘Ezkio-Itsaso’ jartzea onartu zuen Eusko Jaurlaritzaren Toki Arduralaritzako Sailak, ordu arteko ‘Ezquioga-Ichaso’ forma erdaldundua baztertuta. Erabakia berez 1980-1-11n hartu zuten,baina, akats bat tarteko, zuzendu zuten.
2003-3-17. Gipuzkoako Batzar Nagusien 2/2003 foru arauak 2.500 biztanleko muga jarri zuen herri bat independente egiteko. Salbuetsita geratu ziren Ezkio-Itsaso eta Bidania-Goiatz, frankismoan herri borondatea kontuan hartu gabe elkartu zituztelako.
2005. Gi-632 autobide berria ireki zuten, Alegiatik Eitzagara.
2011. Itsaso udalerri bihurtu nahi zuen mugimendua artikulatu zen.
2012-2-17. AHTren Euskal Y trenbideko Ezkio-Itsaso zatia eraikitzeko lehenengo harria jarri zuten. Geltokia joango da hor.
2014 urria. Siadecok ‘Itsasoren desanexioari buruzko bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko ikerlana’ atera zuen.
2014-11-29. Itsaso Bherria elkarte eragilea erregistratu zuten.
2015-1-12. Itsaso bereizteko 102 itsasoarren sinadurak udaletxera.
2015-7-27. Itsaso Bherriak agiri guztiak aurkeztu zituen udaletxean.
2015-7-29. Udalbatzak bereizketari hasiera formala eman zion.
2016-3-16. Ezkio-Itsasoko Udalbatzak, aho batez, Itsaso Ezkio-Itsasotik bereizteko espedientea eta baldintza adostu agiria onartu zuen.
2016-4-4. Garikoitz Aiesta alkateak aldundiari eman zion erabakia.
Ezkio-Itsaso
609 Biztanle. Ezkio-Itsasok denera 609 biztanle ditu. Udalerriak 21,24 kilometro koadro du. 141 enpresa daude. Udaletxea Santa Lutzi Zahar etxean dago, Anduaga auzoan. 6 langile. Garikoitz Aiesta da alkate. 2016an 1.157.844 euroko aurrekontua du.