Marta Alonso errioxarrak ‘Detox’ zukuei buruzko tailerra eman zuen apirilaren 16an Zumarragako kultur etxean. Zuku horiek gorputza barrutik garbitzeko balio duten likidoak dira. Jardunaldiak arrakasta handia izan zuen.
Gorputza, kanpotik ez ezik, barrutik ere garbi mantendu behar da. Horretarako egokiena alkoholik ez edatea, ez erretzea eta elikadura osasungarria mantentzea da. Baina gehienok sarri samar egiten dugu bekaturen bat edo beste, eta noizean behin garbiketa bat egitea ez dator batere gaizki. Apirilaren 16an gorputza garbitzeko balio duten zukuei buruz hitz egin zuten Zelai Arizti kultur etxean. Tailerra Marta Alonso errioxarrak zuzendu zuen.
Oinarria elikadura osasungarria dela esan zuen. Zukuak osagarria dira. «Sekulako bazkaria egin ondoren zuku bat hartzeak ez du ezertarako balio».
Bestalde, urtaro bakoitzaren hasieran garbiketa bat egitea gomendatzen du. «Udaberrian eta udazkenean, batez ere, oso garrantzitsua da. Gorputzari asko kostatzen zaio bi urtaro hauetara moldatzea eta zukuek gorputzari lana kentzen diote. Ez dut bat-batean baraualdia egitea gomendatzen. Hobe da egun gutxi batzuetan zerealak eta barazkiak bakarrik jatea eta ondoren egun oso bat zukuekin bakarrik ematea».
Elikagai hauekin gibelari, urdailari eta hesteei lan gutxiago ematen zaie eta garbitu egiten dira. «Zukuek nutriente asko dituzte, fruta eta barazki gordinekin egiten baititugu. Pepinoa eta sagarra asko erabiltzen ditugu, baina funtsezkoena bertakoak eta garaian garaikoak izatea da. Gainera, superelikagaiak gehitzen dizkiegu: txia, jengibrea, albaka, algak…».
Bestalde, onena gosaldu aurretik hartzea da. «Zuku hauek asetzeko ahalmena dute».