Hiru ordiziarrek osatzen dute Zesura Euskal Rap taldea. Iazko irailean Euskal Hip Hop Herriak txapelketa irabazi zuten, eta orain haien lehenengo maketa prestatzen ari dira: ‘Gure Garaia’. Zazpi kantuz osatutako lana izango da.
Eguneroko bizi frenetikoan beharrezkoa izaten da pausagune batzuk hartzea, erritmoa gelditzea. Gehienek oporrak aprobetxatzen dituzte deskonektatzeko eta egunerokotasuneko errutinatik ihes egiteko. Musikako terminoetan, zesura hitzarekin adieraziko genuke pausagune hori. Hain zuzen, bi esaldiren arteko muga edo pausagunea da zesura, eta kantari eta haize-instrumentisten kasuan arnasa hartzeko unearekin bat dator. Hitz hori erabili du Adur Colias (Ordizia, 1985), Igor Barreros (Ordizia, 1984), eta Jon Mendizabal (Ordizia, 1985) osaturiko hirukoteak haien taldeari izena emateko. «Geldiunea da Zesura Euskal Rap taldea, pausa bat. Disfrutatzeko egiten dugun zerbait da», adierazi du Barrerosek. Hiru gehi lau bat da abestiaren bideokliparekin –Ruben Sainzek zuzendua– Euskal Hip Hop Herriak sortutako txapelketa irabazi zuten iazko irailean.
Barreros eta Mendizabal dira letrei ahotsa jartzen dietenak, eta musikaren alorra, berriz, Coliasek lantzen du. Hura ibiltzen da DJ lanetan, poesiari erritmoa jarriz.«Kasualitatez sortu genuen taldea», dio Barrerosek. Colias 16 urte ingururekin hasi zen talde batean, baina «denbora pasatzeko» egiten zutela argitzen du. Horrela, urteak joan eta elkarrekin jotzen hasi ziren. Txapelketa irabaztea lortu zuten iaz, ez zuten halakorik espero, eta «oso pozgarria» izan zela nabarmendu dute hiru ordiziarrek.
Rap musika besterik ez
Argi zuten zein izango zen haien musika estiloa. Rap-a izan dute betidanik gustuko, eta gainera, ez dute ia beste musikarik entzuten: «Entzuten dudan musikaren %90 rap musika da», adierazi du Coliasek. Musika sortzeko garaian maitea dute musika hori, eta entzuteko garaian ere bai. Bestalde, badituzte barne zalantzak gizartean zabalduta dauden musika estiloen inguruan. Reggaetona, esaterako, ez dute batere gustuko. Ez bakarrik musika estilo aldetik ez zaielako erakargarria iruditzen, zabaltzen duten mezuak ere zalantzan jartzekoak direlako baizik: «Beti emakumeak zapalduta daude, eta zabaltzen dituen balioak ere hutsaren parekoak dira», uste du Barrerosek, eta gogor salatu du reggaetona: «Musikaren kantzerra da». Txikitatik, beraz, rapak izan du lekua haien disko bilduman.
Arazo nagusia denbora falta dute ordiziarrek. Lana dela medio, ez dute nahi bezainbeste denbora musikari eskaintzeko, baina ahal duten guztia egiten dute hala izateko. Normalean, iluntzeetan egiten dituzte entseguak, eta kontzerturen bat baldin badute saiatzen dira astean behintzat hiru aldiz elkartzen kantuak jotzeko. «Kontzerturen bat dugunean gehiago entseiatzen saiatzen gara», argitu du Mendizabalek.
Poesiaren melodia
Musika eta poesia batuz sortzen da rapa. Horixe da. Hitzak lotu, errimak egin, eta erritmo eta musika on bat sortu. Horrela erraza iruditu daitekeen arren, ez da hala. Hala adierazi du Barrerosek: «Asko lantzen ditugu gure letrak».
Lehenengo pausoa gaia jartzea da, zein gairen inguruan hitz egingo duten adostea. Eta garrantzia handia ematen diote letrari. Haiek pentsatzen dutena jendeari helaraztea dute helburu, aspektu edo ikuspuntu desberdinak mahai gainean jarriz. Umoreari ere lekua uzten diote, eta jendeari irribarre eginarazi nahi diote haien kantuen bidez. Hala ere, ez dute ahazten kritikoak izan behar direla, eta letren bidez injustiziak salatzeko bidea izan behar duela egiten duen musika. Gaia argi izanda, inspirazioa bilatzen dute. Batez ere, Barreros izaten da letraz arduratzen dena, baina talde bat direnez, guztien oniritzia kontuan hartzen dute.
Letrak ere desberdinak egiten saiatzen direla adierazi dute, eta askotan lan hori zaila dela ere onartzen dute. «Kostatu egiten da askotan».
Jolastu egiten dute musikarekin. Colias arduratzen da musikaren basea jartzeaz, hark egiten ditu DJ lanak. «Ez dut ezer ikasi honetarako, baina gustatu egiten zait eta probatzea da kontua». Efektuak ere sartzen dituzte kantuetan, eta nahiko askatasun dute nahi duten eran moldaketak egiteko.
Zesuraren momentua
Maketa bat atera behar dute laster, eta grabazio lanetan dabiltza. 13 kantu inguru dituzte, baina horietatik 7k osatuko dute disko berria. Izenburua Gure Garaia izango da, eta horren zergatia orain haien «momentua» delako jarri diotela adierazi dute. Musikalki lan txukuna egin dutela uste dute, eta pozik daude lortzen ari diren emaitzarekin. Jendeak haien musika gustura entzuteari balio handia ematen diote. Hasiera batean ez zegoen haien buruan disko bat argitaratzea, baina aukera sortu eta ezin izan diote ezetz esan. Gainera, disko bat kalera ateratzeak beti «ilusioa» egiten duela nabarmendu dute ordiziarrek. «Inoiz ez geneukan buruan horrelako ezer, baina beti ematen dio indar gehiago taldeari», azaldu zuen irribarrez Mendizabalek.
Publiko guztiarentzat
Taldeko kideak noiz edo noiz harrituta gelditu izan direla ere azaldu dute. Igor Barreros: «Behin kontzertu batean inoiz esperoko ez genuen jendeak gure kantuen letrak zekizkiela ohartu ginen, eta oso pozgarria izan zen hori». Rapak ez du adinik, eta adin guztietako jendeak entzuteko modukoa da. Kontzertuez gain, esaterako, Gure Esku Dagok atera duen kantu berrian ere parte hartu dute. Esperientziaren inguruan, Mendizabalek azaldu du esperientzia oso ona izan zela, eta jende profesionalarekin lan egiteko aukera izan zutela. Horrek gauzak asko errazten dituela ere azaldu du.
Egun, hala ere, dagoen teknologia aurreratua dela eta errazagoa da kalitate handiko musika egitea, taldekideen ustetan. Lehenago dena analogikoa zen garaian askoz ere zailagoa zela ere esan dute. «Gu hala hasi ginen eta hasiera gogorra izan zen». Ez dute aurrera begira betetzeko amets konkreturik, izan ere, egunean egunekoa bizi du Zesurak, eta hala jarraitzea espero dute. Letrei erritmoa jarriz eta haien pentsamenduak zabalduz.