Beñat Enbil (Beasain, 2002) kirolari sutsua da eta hiru kirol uztartzen ditu. Hamabost egunean bi garaipen lortu ditu infantil mailako Gipuzkoako txapelketetan: saskibaloian Gipuzkoako txapela lortu du Arri BKL taldearekin, eta atletismoan, 80 metroan, zilarrezko domina Ordiziako Txindoki taldearekin. Pilotan Udaberri lehiaketa ari da jokatzen Murumendi taldearekin.
Astean zenbat entrenamendu izaten dituzu?
Astelehenean saskibaloia, asteartean pilota, asteazkenean atletismoa, eta ostegunean saskibaloia eta pilota.
Antolaketa ona eskatuko du horrek ikasketekin ondo uztartzeko, ezta?
Bai. Ingelesera eguerdian joaten naiz eta denbora ondo aprobetxatzen saiatzen naiz. Eskolan arretatsu egoten naiz, eta etxean gutxiago egin behar izaten dut.
Kirola ere ona da bururako.
Bai, aitak askotan esaten dit azterketa aurretik ere entrenamendura joatea ona dela burua libratzeko.
Atletismoan 80 metroan zilarrezko domina lortu duzu.
Bai, maiatzaren 1ean. Aurreko egunean Lazkaoko festetan, barrakatan, bizkarrean kolpe handi bat hartuta joan nintzen gainera. Zalantzan egon nintzen baina azkenean joan egin nintzen. Bigarren egin nuen.
Abiadura hori saskibaloian eta pilotan ondo etorriko zaizu.
Bai, denerako egiten dit ondo. Atletismoan irteerak eta abiadura mantentzea entrenatzen dut batez ere.
Pilotan aurrean ala atzean ibiltzen zara?
Atzelari. Banakako txapelketak ere jokatzen ditut baina normalean atzean aritzen naiz. Aurrelaria Xabi Olano izaten da.
Saskibaloian zein postutan aritzen zara?
Normalean joko antolatzaile postuan jokatzen dut.
Saskibaloian apirilaren 24an Gipuzkoako Lauko Finala irabazi zenuen Arri BKL taldearekin.
Bai, talde guztia eta entrenatzailea oso pozik gaude.
Pilotan zertan ari zara orain?
Udaberriko txapelketa jokatzen ari gara.
Iker Irribarria aramarrak saskibaloia eta pilota, bi kirolak egin zituen urte askoan. Azkenean pilota aukeratu zuen. Zuk ere egunen batean aukeratu behar izango duzu.
Ez nekien, baina egunen batean aukeratu egin beharko dut. Lehen beste eskolaz kanpoko gauza batzuetan aritzen nintzen eta azkenean denboragatik utzi beharrean izan dut, gutxitzen joan naiz. Ahal dudan bitartean hiru kirolak eginez jarraituko dut. Biak gustatzen zaizkit. Bi joko oso diferenteak dira. Saskibaloia taldeko kirola da, eta pilotan ere giro ona daukagu. Aukera zaila izango da.