Aro ezberdinak ezagutu ditu Zaldibiako Gazte Asanbladak. 90ko hamarkadaren hasieran egin zituen lehen urratsak, herriko gazteen bilgune gisa eta herria girotzeko helburuz. Hura joan zen, eta handik gutxira, belaunaldi gazteagoek Zaldibiako Gazte Taldea sortu zuten. Udal eraikineko gelatxo batean egiten zituzten bilerak, eta aurreko helburu bera zuten: herria bizirik mantentzea eta urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzea. Talde hori izan zen orain 19 urte uztaileko Gazte Festak antolatzen hasi zena.
Denboraren joanean, ordea, gaztetxe baten nahiak indarra hartu zuen gazteen artean, eta udalarekin harremanetan jarri eta gero, hark Itoitz etxearen goiko bi solairuak uzteko erabakia hartu zuen. Ekainaren 16an beteko dira hamar urte egun hartatik. Ibilian-ibilian, gazte taldeak Zaldibiako?Gazte Asanblada izena hartu zuen atzera, eta urtero-urtero gaztetxearen urteurrenaren bueltan ospakizunen bat antolatu izan dute. Aurtengoa zenbaki borobila denez, egitarau oparoagoa prestatu du ZGAk.
Gureran-en abestia
Gaur-gaurkoz 16-23 urte arteko gazteak ibiltzen dira gaztetxean, eta ostiral arratsaldero egiten dituzte bilerak. Urteurrena datorrela eta, azken asteak lanpetuxeagoak izan dituzte, eraikineko gela ezberdinak margotzen, txukuntzen eta berrantolatzen aritu baitira. Horregatik, ekainaren 3ko arratsalderako herritarrak gonbidatu dituzte gaztetxea ezagutzera.
Bi egunetarako denetariko ekitaldiak antolatu dituzte, eta urteurreneko ospakizuna antzokian egingo den kontzertu batekin bukatuko da. Zaldibiako Gureran taldeak gainera Hamar urtez gaztetxea abestia eta bideoklipa grabatu ditu.
Egitaraua
Ekainak 3, ostirala.
- 16:00: Mural pintaketa.
- 17:30: Umeentzako merienda.
- 19:30: BAIren aldeko argazki erraldoia eta mokadua.
- 20:30: Ogitarteko afaria.
- 21:30: ‘Irautea sortzea delako’ dokumentala.
Ekainak 4, larunbata.
- Goizetik: Argazki erakusketa.
- 10:30: Zaldibiako gazte mugimenduaren ibilbidea.Tertulia.
- 13:00: Triki-bertso poteoa.
- 14:30: Bazkaria eta bingoa.
- 18:00: Elektrotxaranga.
- 22:30: Kontzertua antzokian. Sukarra 37, Bi Bala eta Gureran. Sarrera: 5 euro.