Inaxio Usarralde
Erabaki egin behar dugula, Joxepa, erabaki!! Urte osoa pasatu dinagu Gure Esku Dago ekimenaren baitan lanean egun hau prestatzeko. Erabakitzera goazen, eta elkarrekin! Hona ekarri gaituen bidea bakana izan dela azpimarratu dinagu sarri: aski zilegitasun badugula sinestarazteko, behar genituen sinadurak bildu genizkinan lehenbizi; gero galdera adosteko prozesuaren bidez jendeari zer galdetuko diogun adostu huen: nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? Eta orain erabakitzera goazen, modu desberdinetan, baina denok ari gaitun erabakitzen, nire ustez: batzuk bozkatzera joango gaitun ekainaren 5ean eta beste batzuk ez ditun joango. Lehen multzokoek bai/ez/zuri erantzun beharko dinagu. Bigarrengoan, joango ez direnetan, batzuk egongo ditun berariaz joango ez direnak. Nolabait ere, bozka hori independentzia zaleen amarru garbia dela pentsatzen dutelako. Beste batzuk, bigarren multzo horretan, arrazoi desberdinak tarteko, une honetan jarrera bat hartu nahi ez dutelako ez ditun joango. Baina bi jarrerak ariko ditun erabakitzen, nire ustez. Oso gustura geratuko nitunake parte hartzea esanguratsua izango balitz. Jakina, igandekoa, entrenamendu bat izango dela! Baina, Iker Irribarria pilotariak berak ere nahiago izaten din finalera entrenamendu saio on pare bat eginda joan. Aukera ederra dinagu guk ere finala datorrenerako prestatzen joateko.
Joxepa Madariaga
Aupa Inaxio! Bidea aipatzen duk, ekainaren 5a arteko bidea, egindako lanak, izandako buruhausteak, bizi izandako pozak, hartutako muturrekoak, ikasitakoak, irakatsiak… denak beharrezkoak, guztiak pasatu beharrekoak. Bidea. Eta 5etik aurrera ere segitu beharrekoa. Hau ez duk hemen bukatzen, ez duk hauteskunde autonomikoetarako botoa eman, 4 urterako ordezkari politikoak aukeratu eta bakea egitea. Ez, ez. Bidea duk.
Herria eraikitzen ari gaituk, etorkizuneko Euskal Herria egiten; askatasunez, gure eskubidea erabili eta nazioa eraikitzen. Herri hobea behar diagu, guztion artean, ahal den adostasun handienarekin erabakitakoa, askatasunean. Elkarrekin. Elkartu egin behar diagu, bat egin behar diagu euskaldunok. Hortxe diagu lana, hortxe dizkiagu komeriak, baina elkartu gaitezkek eta elkartu beharra diagu. Elkarrekin, indartsu, bidea egin. Pertsona asko, izaeraz, pentsaeraz, helburuz desberdinak, elkartu eta bide zoragarria, aberatsa, ederra ari gaituk lantzen Gure Esku Dago ekimenaren babesean, aitzakian. Pertsona anitz elkartuta, lanean. Bidea, elkarrekin.
Nik, igandean, nire iritzia emango diat, galdeketan parte hartuko diat; pasa gaitezen ni-tik gu-ra eta izan gaitezen gu, guztiok, igandean iritzia emango dugunak: «Nahi al duzu … ?». Bidea, elkarrekin, alai eta pozik, etorkizun hobea helburu.