Gorka Erostarbe
Aldarte iluneko eta kopeta zimurtuta ari natzaik idazten. Espainiako hauteskundeen emaitzek, harritu ez ezik, amorratu egiten naitek. «Inozoa ni!» pentsatzen diat. Ez, ez dituk geure hauteskundeak, baina Europa zaharkitu, dekadente, itogarri honetan kezka eta ezigonerako sintoma bat gehiago duk gertatua. Aldarte iluneko eta kopeta zimur, bai. Kasualitatetik kausalitatera sarri tarte handirik ez. Azken egunotan ia egunero pasatzen nauk Lizeo paretik. Irri-algaraka ikusten dizkiat ikasleak, gaztetasunaren sasoi-indarrez. Eta, akaso kasualitatez, asko gogoratu nauk geure nerabealdiko grano eta ilusioez, eta bizitza ikuspegi berri bat parez pare jartzen zizkiguten irakasle-irakasgai haietaz. Ritxi, Amaia, Balen, Mikel zena… Literaturaz eta filosofiaz, batez ere. Eta jabetu nauk, dagoeneko ez direla esparru estimatuak egungo gizarteetan; existentzia ere kolokan dutela, hezkuntza sistema ofizialetatik kentze bidean direla. Giza zientzia horien desprestigioak zerikusirik ba ote du egungo balio humanisten galerarekin, Europan gertatzen ari den prozesu degradatzailearekin? Gazte builloso alegera horiek ba ote dakite zein gizarte eta etorkizun datorkien bizkar gainera?
Susmoa diat, agintekeria eta boterea irabazle atera direla berriz. Irakasle haien irakaspenen gainetik, garaile atera da «bizitzan arrakasta izatea» zer zen erakusten zigun coach bizardun txotxoloaren diskurtsoa. Leihakortasuna azal poroetan sartzen ziguna, nor izatea diru eta materialtasunarekin lotzen zuena, «ahalik eta goren iristearekin». Kopeta zimurrek etsiaz jan ez nazaten, poz txiki bat ere izan diat azkenaldian. Merli telesailak irakasle filosofo bat dik protagonista. Baduk zerbait… Haren eta filosofia nahiz literatur irakasle guztien omenez topa egingo diagu santaixabeletan, Josu!
Josu Aztiria
Lizeoko garaiak! Asko gogoratzen nauk Ritxik nola jartzen gintuen gure gustuko liburu bat irakurtzen klasea hasi aurretik, hain gustuko zian Silviorekin batera. Liburu baten aurrean, ixilik, guk irakurtzea lortzen zian, eta baita Garcia Lorcaren Poeta en Nueva York liburuko poemek sentiaratzen zigutena marrazten. Ordu hartan ez genian baloratzen ahalegin hori eta nik asko diat eskertzeko, gerora aztarna utzi izanaren sentipena badiadalako. Aztarna utzi zidaan Joxerrak historiaz azaltzeko zuen grinak eta kritikotasuna lantzeko zian metodoak, galderak eta galderak etengabe eginez, gure garunak zukutu arte. Etengabe geure buruari galderak egitea eta norbera ebaluatzea ez baituk aski aldiz egiten. Eta garai hartaz ari garela, ongi asko dut gogoan izebak Txillardegiren Exkixu liburua irakurtzeko gomendatu zidaan eguna. Ondoren, gogoratzen diat, 16 urte nituela, nola erosi nian Txillardegiren Euskal Herria Helburu, osorik irentsi eta nola saiatzen ninduan Mikeli kontra egiten marxismo-leninismoaz (gajoa, ni). Eta akordatzen nauk ederki nola hasi gintuan Ama Say, Dut eta M-ak entzuten. Ondoren, aldiz, etorri huan Huts Tabernan Tindersticks-en Sinple pleausre diskoa utzi hidaan eguna eta Lambchop entzutera Donostiako Antzoki Zaharrera joan gintuaneko egun polita. Agian hartuko diat tartea zapatua baino lehen Belokira buelta bat eman eta Mikelen omenez landatu zen lizarra bisitatzeko, eta larunbatean Ritxirekin eta maite ditugun guztiekin ospatuko diagu bizitza. Laguntasuna eta maitasuna, izandakoa eta datorrena, ez dizkiagulako inoiz ospatzeri utzi behar.