Ohiko udaberria izan da aurtengoa, Goierrin jasotako datu metereologikoek erakusten dutenez. Urteak aurrera egin ahala, tenperaturak epeltzen joan dira, eta euri asko egin du. Uda ez da oso beroa izango, freskotik joango omen da.
Eguraldi ederrarekin agurtu zen udaberria Goierrin ekainaren 20an, zeru oskarbiekin eta 25 graduren bueltako tenperaturekin. Atzean geratu zen martxoaren 20an goizaldeko 04:30ean iritsi zen urtaroa, 92 egun eta 18 ordu eta gero. Iritsi, eguraldi nahasiarekin iritsi zen udaberria: martxoko 20 hartan eskualdeko mendi puntak elurtuta zeuden, zeruak estalita zeuden, euria ere egin egin zuen eta 13 gradu ingurukoa izan zen tenpertura altuena.
Goierrin jasotako datu metereologikoak kontuan hartuta, ohiko udaberria izan da aurtengoa, bai tenperatura aldetik baita euriari dagokionez ere. Neguarekin alderatuta, urteak aurrera egin ahala tenperaturak gozatzen joan dira, egun batzuetan bero handia egin badu ere. Eta euria, udaberrian inguru honetan ohikoa den bezala, asko egin du, bereziki apirilean.
Espainiako Aemet metereologia agentziak Ordizian eta Legazpin dituen neurketa estazioetan datuak jasotzeaz arduratzen diren Emilio Alvarez Fatxeti eta Alonso Frances bat datoz aurreko baieztapenekin. Alvarez ordiziarrak dioenez, aurtengo udaberriak aurreko urteetako udaberriek izan duten joera bera izan du: «Bero handiko egun solte batzuk kenduta, tenperaturak epeltzen joan dira, eta euria betiko moduan egin du, askotxo, baina aparteko ekaitz eta euri jasarik gabe». Frances legazpiarraren arabera, berriz, euriari dagokionez, azkenengo hiru urteko joera berretsi da. «Ez dirudi, baina euri asko egin du». Izan ere, ekain hasierarako 1.000 litroak gaindituta zeuden, eta urteko batez bestekoa 1.500 litrokoa izaten da azken urteetan. Apartekoa izango al da aurtengoa euri kontuetan?Urte erdi falta da oraindik eta ikusi behar zenbat egiten duen hemendik aurrera.
Tenperaturei dagokienez, bestalde, ez direla oso altuak izan, baina ezta oso bajuak ere azaldu du Francesek. Bero handiko egun batzuk kenduta, eta maiatz hasieran izan zen hotza alde batera utzita, udaberrian ohikoak diren tenperaturak neurtu dira Goierrin.
Egun esanguratsuak
Euria eta tenperatura epelak izan dira, beraz, Goierriko udaberriaren ezaugarriak, baina jendeak datu orokor horiek baino, egun zehatzak izaten ditu gogoan. Aste Santua, esaterako. Eguraldi txarrarekin joan ziren opor egun haietako gehienak: martxoaren 25, 26, 27 eta 28an euria egin zuen, eta 11,5 eta 20 gradu arteko maximak eta 2,5 eta 8 gradu bitarteko minimak neurtu ziren.
Herriko festak ere ez dira izaten ahaztekoak. Udaberrian, Lazkaon, Legazpin eta Beasainen ospatzen dira, denak apirilaren amaieraren eta maiatzaren hasieraren inguruan. Lazkao eta Beasaingoetan euria egin zuen, ez ordea Legazpikoetan, baina herri honetako Santikutz jaietan neurtu ziren udaberri osoko tenperatura minimo baxuenak, 1,5 gradukoak.
Egutegian aurrera eginez, askok izango dute gogoan maiatzaren 22ko Zegama-Aizkorri maratoian lasterkariek pasa zuten hotza eta bezperan eta egunean bertan bota zuen euria. Ekainaren 5a ere egun seinalatua izan da goierritarren egutegian, Gure Esku Dagok antolatutako galdeketa eguna izan baitzen. Egun eguzkitsuaeta epela izan zen, 25-26 gradu bitarteko maximekin.
Uda, freskotik dator
Baina udaberria joan da, eta uda bertan da. Ekainaren 21ean iritsi zen urtaro hori, 0:34an, eta irailaren 22an joango da, 93 egun eta 15 orduren ondoren. Aurtengo udako lehen egunak oso beroak izan dira, baina ez omen dira horrelako asko izango aurrerantzean. Pronostikoen arabera, ez omen da uda beroa izango, eta ohikoa baino euri gehiago egingo du.