Uda garaia festa garaia da, eta nahi ala ez, alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoa areagotu egiten da. Horrez gain, udako parranda egunetan, emakumeen aurkako indarkeria sexista kasuak areagotzeko arriskua ere hazi egiten da. Ai Laket! Gasteizko kolektiboa eta Emagin Elkartea festarik festa ibili ohi dira haien mezuak gizarteratzen. Kontsumo arduratsua eta burujabetza dira bi elkarteek gehien errepikatzen dituzten hitzak.
Ai Laket! 1998an jaio zen kolektibo gisa eta 2002. urtean irabazi-asmorik gabeko elkarte legez eratu zen. Taldea droga ilegalen kontsumitzaileek eta kontsumitzaile ohiek osatzen dute, ezagutza arlo eta lanbide askotatik etorriak. Ai Laket! erabiltzaile elkartea den arren, kontsumoarekiko duten jarrera neutroa eta ez-morala da. Drogak hartzea ala ez, pertsona helduek era libre eta informatuan hartu behar dutela uste dute, eta erabakia pertsonala eta librea izan behar dela diote. Ai Laket!-ek, kontsumitzeko erabakia gertatzekotan, ahalik eta burubide elementu gehienez baliatuz egindako hausnarketaren emaitza izan dadin eskatzen du.
Testatze programa
Dibertsio guneetako droga ilegalen kontsumoarekin lotutako arriskuen murrizketarako programa da testing programa Bere oinarriak substantzia ilegalen testa eta analisia dira, eta informazio orokor zein pertsonalizatua ematen dute. Balizko kontsumitzaileei eta drogen erabilerarekin lotutako edozein arlotan interesa duen edozein pertsonari zuzenduta dago.
Substantzien aizunketa, osasun kontrol ezaren ondorio, droga ilegalen kontsumoarekin lotutako osasun arrisku nagusietakoa da, eta erabiltzaileen kezka handienetakoa. Programa mota honek eraginkortasun handia frogatu du erabil- ltzaileekin kontaktuan jartzeko, bereziki gazteekin.
Honela, bestelako osasun errekurtsoetara nekez hurbilduko liratekeen pertsonek, kontsumituko dutenaren edukia ezagutzeaz gain, gainontzeko informazio osagarriak jaso, era guztietako kontsultak egin, besteak beste.
Ordiziako Santa Ana jaietan, uztailaren 25tik 26ra gauean, Arboladian egongo dira Ai! Laketekoak inguratzen diren herritarrek eramandako sustantziak aztertzen, 00:00etatik 03:00etara bitartean.
Testingaren ezaugarriak
Testing programa, batez ere, beren aisialdian substantzia ilegalak kontsumitzen dituzten edota kontsumitzeko asmoa duten pertsonei zuzentzen da, bereziki lehenengo aldiz kontsumitzekotan direnengana. Pertsona horien ingurukoak edo lagun taldea batik bat, zein droga ilegaletan interesa duen edozein pertsona ere, kontsumoak dituen edo izan ditzakeen arriskuez kontzientziatzea bilatzen du, bereziki egun nagusi diren ezlegaltasun eta informazio eza kontuan izanik.
Testing programa tokian tokiko kontsumo guneetara hurbiltzen den aktibitate ibiltaria da. Informazio material guztiak luzatzen dituzte herriz herri jartzen duten karpan. Ai Laket-eko partaideek, erabiltzaleei harrera egiten diete bertan, azaltzeko galdetegia egin, dauden aktibitateen berri eman, zalantzak argitu eta beharrezkoa izatekotan autokarabanara zuzentzen ditu testa edo informazio pertsonalizatua emateko. Beharrezkoa denean, premia duten pertsonak bestelako osasun zerbitzuetara bideratzen dituzte.
Eraso sexistak jaietan
Azken egunetan iristen ari diren eraso sexista eta bortxaketa salaketen albisteak direla eta, Goiberri Emagin elkartearekin jarri da harremanetan gaiari buruz dituzten irizpideak ezagutzeko. «Oraindik ere emakumeok diskriminazio sexistak jasaten ditugu gure bizitzako espazio guztietan, baita eremu publikoan ere», nabarmendu du Idoia Arraiz Emagineko kideak. «Gauean, kalean, parranda giroan… begira sanferminetatik nolako albisteak ari diren heltzen. Bortxaketak, salaketak… nahikoa da!». Horrelako egoerei aurre egiteko, Emaginek emakumeen gida lagungarria du banatzeko.
Nola egin aurre erasoari
Gaur egungo errealitatea ikusita, Emaginek eraso sexista baten aurrean izan beharreko jokaeraren inguruan hainbat gomendio ematen ditu. «Izan zeure buruaren jabe» da emakumeei ematen dien lehenengo aholkua. Erasotzea delitua dela gogorarazten du, eta eraso baten aurrean defendatzeko aholkua ematen du. «Bakarrik ezin baduzu, laguntza eskatu» dio Emaginek hirugarren aholku bezala. «Guztion ardura da emakumeen kontrako indarkeriari aurre egitea eta diskriminazio egoerekin amaitzea». Horrelako egoerei aurre egiteko autodefentsa feminista tailerrak tresna garrantzitsutzat jotzen ditu Emaginek.
Festaz festa lasai ibiltzeko Ai Laket!-en gomendioak
Droga bat hartzerakoan ezjakintasuna arrisku larria izan daiteke. Noizbait zerbait kontsumitzekotan norberak erabaki behar du noiz kontsumitu. Besteek ez dute norberarengatik erabaki behar, eta ez dute bultzatu beste inor ezer kontsumitzera.
Pertsona bakoitza ezberdina da; bakoitzaren pisua, tolerantzia… Faktore horiek erritmo desberdina izatera eramaten du norbera. Lehian ibiltzea edo gainerakoek kontsumitzen dutena jarraitzea ez da bide egokia.
Sustantziak nahastearekin kontuz ibili behar da, nahasketa batzuk espero ez diren efektuak sor baititzakete. Zenbat eta nahasketa gehiago, arrisku gehiago eta gozamen gutxiago. Drogak hartzea besteekiko begirunea galtzeko aitzakia bat ez duela izan behar nabarmendu du Ai Laket! elkarteak, eta kontsumitzaileei egiten die hartutakoaz eta egindakoaz arduradun izateko deia.