Oporretarako ere arauak?», esango du norbaitek, haserre. Hain zuzen ere, araurik gabeko denboraldiaz lotu izan dugun tartea gozatzeko burua prestatzen ari garen honetan. Izan ere, zorionez, oraindik bada gure artean soldatapeko lanik duenik eta lan horretan atsedena hartzeko aukera duenik ere.
Hona hemen, zertan bereizten ditudan nik 11 hilabeteko lan jarduna eta hilabeteko oporraldia. Izan zitekeen dekalogoa baina niri 11 puntu atera zaizkit, euskaldunontzat hamaika, asko bada ere.
- 1.- Goizean iratzargailurik ez. Akabo 05:45ean irratia bere kabuz hizketan hastea.
- 2.- Dutxa, gero. Dutxa hartzea ez da eguneko lehen zeregina izango orain: gorputzari astindua eman eta ondorengoa bezain dutxa gozagarririk ez dago. Beraz, goiza aire librean oinez, bizikletaz, igeri… ibiltzeko plazerez eman ondorengoa.
- 3.- Lehenengo kafesnea goiz erdian. Edozein garaitan da ederra kafe ona! Ahal bada, beti konpainian, baina bakar-bakarrik zaudenean ere, kafe mikatza bezain gozagarririk, ezer ez.
- 4.- Bazkari arina, produktu naturalekin… egunero.
- 5.- Bazkalondoko siesta. Lo-kuluxka laburra nahiz loaldi sakona, gorputzak eskatzen duen adinakoa!
- 6.- Prentsa eta bestelako ohiko informazioari begirada azkarra. Paperean nahiz Internetez, baina notizietan ardura gehiegi jarri gabe, apartekorik ez bada behintzat.
- 7.- Arratsalde pasa. Hemen bi aukera daude: egunero-egunero, aurrez inoiz izan gabeko leku bat ezagutu, edo, lekua horren gustukoa dugulako, behin eta berriz bertara joan.
- 8.- Afaria. Garaiz. Iluntzeko zortzietan.
- 9.- Bigarren kafea (ordurako gehienetan hirugarrena eta laugarrena ere badena), afalondokoa, oporraldiko inguruko lagun, bizilagun edo ezezagunekin. Ohikoak ez ditugun solaskideekin hizketan aritzea da oporraldietako ezaugarrietako bat. Geure mundu txikia aberasteko aukera. Gehienetan, gaztelaniazko mintzapraktika egin eta hizkuntza hori herdoildu ez dakidan baliagarria.
- 10.- Etxeratu eta irakurketa tartea: lotara joan aurretik, udan irakurtzeko pilatu zaizkizun liburu berriak, nahitaez berrirakurriko dituzula badakizun azpimarraz betetako liburuak… Oheratzeko presarik gabeko eguneko tarterik gogokoena. Eta, loak hartu aurretik, egunak emandakoa idatziz laburtzeko garaia.
- 11.- Orain arteko 10 arau horiek guztiak bertan behera uzteko ahalmena duen araua. Hala, oporraldiko hilabeteak urteko gainontzeko 11 hilabeteetatik desberdina behar badu izan, inprobisazioari eman tarte bat egunero; egunero, horrexek behar du salbuespenik gabea, inprobisazioak!: noizbehinka otordu ez hain naturalak eta oparoak, kontzientziako kargurik gabe; dutxatu gabe ere gera zintezke, baina gehienetan baietz 2 dutxa ere hartu; egun osoa egonean egon zaitezke ezertxo ere egin gabe…
Eranskina: egun bakar batean ere, egindakoaz edo egin ez izanaz gustura oheratu ez bazara, lo hartzerako jaiki eta egoera konpondu, gauari etekina atereaz: irakurriz edo/eta idatziz, adibidez.
Azkenik, ez ahaztu inoiz: oporretatik lanera bueltan, oporrak gozatu ez izanaren sentsazioz itzultzen bazara, zuk ez duzu oporrik behar; hobeto zaude lanean. Osasuna eta oporraldi on!