Iraia Oiarzabal
Opor usaina hartzen dut edonon abuztua ate joka dugun honetan. Goiberrik ere laster hartuko du atsedenaldia eta zutabe hau argitaratzen denerako zu ere bidaian egongo zarelakoan nago. Niri oraindik falta zaizkit egun batzuk, apenas bederatzi, baina horiek egiten dira luzeen. Urte osoko lanaren zama bat-batean gainera datorkizula ematen du. Oporretan egingo duzuna, ezagutuko dituzun tokiak, probatuko dituzun zaporeak… hori dena irudikatzen duzu itxaronaldi luze horretan. Izan ere, in situ egindako bidaiekin alderatzerik ez dagoen arren, irudimenarekin asko bidaiatu daiteke. Gogoan dut nola behin lagunekin etxeko bazter batean topatutako munduko bola bat hartu genuen eta, asperduraren asperduraz, gure «munduaren bira» propioa egin genuen. Begiak itxi, munduko bola astindu eta birak eman zitzan uzten genuen halako batean gure hatza pausatzen genuen arte. Jokoaren grazia, bakoitzari tokatutako helmuga ikustean zetzan. Zorteko izan nintzen nire saiakeretan, Malaisia, Brasil, Txina… Zorteko diot, normalean beti ikusten dugulako haietan alde liluragarria, paradisua. Nahiz eta baduten alde iluna, bortizkeria, ustelkeria edo ezberdintasun sozialekin lotua. Bidai agentzietako katalogoetan ageri ez dena. Baina tira, ez da ezkor eta tremendista jartzeko eguna. Oporren bueltan egingo dugu topo, berriro ere, errealitate gordinarekin. Beraz, zuri eta irakurle guztiei: gozatu oporraldia!
Nagore Belastegi
Irudimenarekin ere bidaiatu daitekeela diozu eta guztiz ados nago zurekin, Iraia. Bidaiak denbora askorekin eta milimetroan prestatzea gustatzen zait, eta askok gomendatzen didate ez izateko hain kontrolatzailea, askeago bizitzeko, momentuaz gozatzeko, gauzak etortzen diren bezala hartzeko… bla, bla, bla. Disfrutatu beharrean nik sufritu egiten dut bidaiaren eguna iritsi eta dena prest ez badaukat, estresatu egiten naiz etorriko dena zer izango den ez dakidalako. Niretzat bidaia bat prestatzea esna amesteko modu bat da. Difrutatu egiten dut informazioa bilatzen eta nire apunteak hartzen. Gerora, badirudi bi bidaai egiten ditudala eta iruditzen zait denbora topera aprobetxatzen dudala. Aipatzen dituzun oporrak hartzeko falta diren azken egun horiek beste modu batera eramaten dira honela. «Oporretan ez bazara gelditzen, nekatuta etorriko zara», esango dute askok ziurrenik. Ba bai, fisikoki nekatuta etortzen naiz gehienetan eta hori da niretzat satisfakzioa. Burua atseden hartuta eta gorputza porru eginda, hori gustatzen zai niri. Itzuli bezain laister munduko pena guztiek emango digute errealitatezko zaplastada handi bat. Beraz, ondo dago noizean behin typical tourist bat bezala ibiltzea, mapa eskuan, kamera lepotik zintzilik eta, konplikaziorik gabe, ondo pasatzean besterik ez pentsatuz. Ondo pasa zuk ere, eta ea bueltan zutabe hau betetzeko milaka ideiekin gatozen.