Goierriko haurrek eta gaztetxoek aste honetan hasiko dute 2016-2017 ikasturtea. Liburu dendak uztailaz geroztik ari dira ikas-materiala saltzen, buru belarri. Haur bakoitzeko ehunka euro gastatzen dituzte familiek.
Goierriko kaleak jendez betetzen ari dira gutxika, jendea oporretatik itzultzen ari den heinean. Normaltasunera itzuli dira familia gehienak, eta errutinan guztiz murgilduko dira datorren astean, haurrak eta gaztetxoak eskolan hasiko baitira. Ikasturte berria behar bezala hasteko, ikas-materiala erosten hasiak dira dagoeneko.
Beasaingo Mirentxu liburu dendako Maite Izagirrek adierazi duenez, kanpaina uztailean hasten dute. «Uztailean jende asko hasten da ikas-materiala erosten, eta abuztuan eta irailean jarraitzen dute», adierazi du. Testu liburuak, boligrafoak, arkatzak, koadernoak, estutxeak eta motxilak saltzen dituzte gehienbat. Horrez gain, kalkulagailuak, konpasak… Kanpaina «potentea» izaten dela esan du Izagirrek.
Gastuari dagokionean, familia bakoitzaren araberakoa dela aderazi du Izagirrek. Dena den, haur bakoitzeko 700 euro inguru gastatzen direla kalkulatzen da, ikasturteko. Adituek hainbat aholku ematen dituzte ikas-materialean aurrezteko.
Aurrezteko aholkuak
Esaterako, testu liburuen kasuan, saltoki ezberdinetako prezioak alderatzeko aholkatzen dute, aldea egoten baita. Azken urteetan, testu liburuak Internetez erosteko joera zabaldu da. Kasu horietan, bidaltze gastuak ere kontuan hartzeko gomendatzen dute.
Aurrezteko beste modu bat, materiala elkarbanatzea da, dagoeneko behar ez duen norbaiti eskatuz. Testu liburuak, motxila, estutxea, margoak… arazorik gabe berrerabil daitezke.