Josu Aztiria
Pirinoetan egun batzuk pasatzeko aukera ederra izan dut Huescako Sobrarbe eskualdean. Ascaso herrixkan eman ditut hiru iluntze, urtero abuztuan antolatzen duten zinemaldiaz gozatzen, izarrezko izara baten azpian, gauero. Ascaso eskualde horretako herrixka askoren historia du: 50-60 hamarkadako industrializazioarekin binztanlez hustutzen joan ze ia desagertzeraino.
Ascason badira orain bizi diren pertsonak eskualdea biziberritu nahi dutenak, eta horren bidetik sortu zuten orain ure batzuk Ascasoko zinema erakusketa (Muestra de cine de Ascaso). Zirkuitu komertzial eta ofizialetik kanpo dauden pelikulak eta solsaldiak eskaintzen dituzte ia desagerturik zegoen herrixkan, tokiko garagardo, ardo eta ogitartekoez hornituta.
Azken egunean Demain pelikula eman zuten (Cyril Dion eta Melanie Laurent, 2015). Dokumentalak sekulako arrakasta eduki du Frantzian, eta hemen ere ikusmin handia sortuko duelakoan nago. Elikadura, energia, hezkuntza eta ekonomiaren alorrean jada abian dauden alternatibak islatzen ditu, norbera bizi den eremu txikitik beste gizarte bat eraikitzea posible dela erakutsiz.
«Pertsona txiki askok leku txikietan gauza txikiak egiten mundua aldatu dezakete» zioen Eduardo Galeanok. Txikigintzan gauza handiak egin daitezke ezta Gorka?
Gorka Erostarbe
Gauzak zer diren, begia botea nion zuk uda honetan ezagutu duzun zinema jaialdi ttiki eder horri, nahiz orain artean bertatik-bertara ezagutzeko aukerarik izan ez dudan. Badira gisa bertsuko ekintzak gure ingurumariatan ere; Nafarroako Orbara herri txikian, Irati basoaren atarian, Malkei musika jaialdia antolatu izan dute azken urteetan; natura, gertutik-gerturako harremana, eta musika eskaintza paregabea, dohainik. Aurten lehen aldiz atondu dute, aldiz, Oilo-Pop jaialdia Bermeoko Talako kantinan, itsasertzeko parajeetan. Bi baino ez aipatzearren, Bilbo BBK Live edo Zinemaldiaren ifrentzu modura. Musika proposamen txiki eta interesgarriak eta bertoko jaki eta edariak dituzte ardatz nagusi. Kontuan hartzeko moduko ekimenak dira kultura makroebento eta arrapaladazko kontsumora bideraturik duten garaiotan.
Eta txikitasunean dago gakoa ziurrenik bai, txikitasunak ematen baitio neurri egokia nola eguneroko jardunari hala gizartea zein kultura ulertu eta bizitzeko moduari ere, eta ez soilik ikuspegi poetiko batetik txikia den horrek tradizioz izan duen babes-lilurarengatik, baizik eta kontu praktiko eta funtzional hutsengatik… Txikitik txikirako jarduera horretan, errazagoa baita berdinetik-berdinerako harreman aberasgarriagoak sustatu eta elkar-trukatzea.
Hordago txikira hortaz! Ez da bizi filosofia txarra, zer duda egin. Edo, akaso, enbido txikira! esan behar genuke, behin gauzak neurri txikian egiten hasita. Lazkao Txikiren hura ere badatorkit gogora: «Txikia bai, baina eskasa ez!»