Gaur Urretxuko Santa Anastasia jaiak hasiko dira. Santu horrek protagonismo eskasa izango du, ordea, festetan. Izan ere, urretxuarren santu kuttuna, jainkoa ia, beste bat da: Joxe Mari Iparragirre koblakaria. Herrian sekulako presentzia du, bereziki festetan, baina Euskal Herria osoan da maitatua. Euskalduntasunaren eta bizipozaren sinbolo bat da. Euskaldunon ondarea.
Iparragirre 1820ko abuztuaren 13an jaio zen, Urretxuko Kale Nagusiko Alzola etxean (egungo Iparragirre kaleko 8an). Aita idiazabaldarra zuen eta ama gabiriarra.
Artean 12 urte ez zituela, Madrilera joan zen bizitzera gurasoekin. Han zeudela, Lehen Karlistaldia piztu zen. Aita karlista sutsua zuen. Egun batean, ama agurtu eta, eskolara joan beharrean, Euskal Herrira itzuli zen karlistekin borrokatzera. 13 urte besterik ez zituen!
Zauritu egin zuten eta Don Carlosek bere ohorezko guardiako kide izendatu zuen. Bergarako Besarkadaren ondoren Europara erbesteratu zen. Frantzian, Suitzan, Italian eta Ingalaterran egon zen. Frantzia zeharkatu zuen Italiako komediante talde batekin eta bertatik bota zuten matxinatuekin bat egiteagatik. Ingalaterran zela, Tiroleko abesti bat euskaraz abestu zuen eta Mazarredo general bilbotarrak etxera itzultzeko baimena lortuko ziola agindu zion.
1852an heldu zen Bilboko portura. Kontzertu bat eman zuen eta lortutako diruarekin Madrilera joan zen bere ama bisitatzera. 13 urte pasa ziren eskolara joateko agurtu zuenetik.
1853an Madrilgo Cafe San Luisen, orduko ospetsuena, Gernikako Arbola abestu zuen lehenengoz. Euskal Herrira itzuli zen eta makina bat kontzertu eman zuen. Foruzale moderatuei Gernikako Arbola kanta probokatzailea iruditu zitzaien eta salatu egin zuten. Tolosako kartzelan sartu zuten eta ondoren Euskal Herritik bota zuten.
Amerikara
Santander, Asturias, Galizia eta Portugalen ibili zen, itzuli aurretik. Tolosako taberna batean bere emaztea izango zena ezagutu zuen: Maria Anjeles Kerejeta alegiarra. Euskal Herrian etorkizunik ez zutela ikusirik, Buenos Airesera joan ziren. Han ezkondu ziren.
Argentinatik Uruguaira joan ziren. Bertan, artzain eta tabernari lanetan aritu zen. Ardiei ez zien kasu handirik egiten, tabernan jendeak asko edan eta gutxi ordaintzen zuen… Bera, emaztea eta zortzi seme-alabak txirotasunean bizi ziren.
Poliki-poliki herriminak jo zuen eta Hego Amerikako euskaldunek bidaia ordaindu zioten. Bakarrik itzuli zen eta sekula ezin izan zuen bere familia ekarri. 1877eko urriaren 20an heldu zen Euskal Herrira. Gasteizen ongi etorri ofiziala egin zioten eta negar egin zuen, hunkituta. 57 urte bakarrik zituen, baina oso zahartuta zegoen.
Euskal Herrian alde batetik bestera ibili zen. Lagunek Aldundiei pentsio bat eskatu zieten berarentzat, baina lortu aurretik hil zen: 1881eko apirilaren 6an, Ezkioko Zozabarro bentan, bronkoneumoniak jota.
Font y Pons arkitektuak eskultura bat egin zuen, bere lagunen ekimenez. Urretxuko plazan jarri zuten eta 1890ean inauguratu zen. Bere heriotzaren mendeurrenean, berriz, bere gorpuzkiak atera zituzten Urretxuko hilerrian egin zuten mausoleoan jartzeko. Herriko lau semek gorpuzkiak udaletxetik hilerrira eraman zituzten. Ekitaldian Carlos Garaikoetxea lehendakariak parte hartu zuen.
Ikusten denez, abenturazale handienen pareko bizitza eduki zuen. Eta Euskal Herriak eman duen musikari herrikoiena da. Beste inork ez du halako miresmenik eta zeresanik piztu. Bere garaian bere abestiak izugarri ezagunak ziren eta bera hil eta 135 urtera inoiz baino biziago diraute.
Hala, ez da harritzekoa Urretxuarrentzat jainko baten parekoa izatea. Bere jaioterrian kale bat (bere abizena daramana) bi plaza (Iparragirre eta Gernikako Arbola), mausoleoa eta estatua bat ditu. Gainera, bera jaio zen etxearen kanpoaldean plaka bat jarri zuten.
Gure artista handia
Gernikan ere estatua bat du, Euskal Herriko herri askotan bere abizena daramaten kaleak dituzte, Antonio Lekuona margolari tolosarrak erretratu bat egin zion eta makina bat lagunek berari buruz idatzi dute: Amatiño, Xabier Amuriza, Sabino Arana Goiri, Telesforo Aranzadi, Gabriel Aresti, Jose Artetxe, Resurreccion Maria Azkue, Jaime del Burgo, Arturo Campion, Jesus Galindez, Carlos Garaikoetxea, Anjel Kruz Jaka, Endrike Knorr, Xabier Lete, Iñaki Linazasoro, Orixe, Luis Pedro Peña Santiago, Martin Ugalde, Miguel de Unamuno, Luis Villasante…
Berari buruzko antzezlanak egin dira, Patxi Andionek, Gontzal Mendibilek eta Oskorrik diskoak eskaini dizkiote…
Iparragirre artista, bizizalea, mitoa. Gurea.