Asier Iriondo
Karmelo Landak EHUn eskolak ematen jarraitu zuen politikan bete-betean zebilen garaian ere, kartzelatik kanpoko garaian, bistan da. Lehenengo egunean, «ni Karmelo Landa naiz eta Eakoa naiz» aurkezten omen zien bere burua, erdi-irribarrea eginda, kazetaritzako ikasleei.
Politikarien lanbide nagusien artean dago kazetaritza. Kazetari-lanetan ibilitako ugari ibili dira eta dabiltza, gaur egun, politikagintzan. Agosti Xaho, Martin Ugalde, Uxue Barcos, Juanjoxe Petrikorena, Jasone Aretxabaleta, Andoni Ortuzar, Josu Juaristi, Maria Solana, Martin Garitano… asko pentsatu gabe etorri zaizkit burura. Zuen Igor Eguren eta gure Jose Ramon Beloki ere bai (Nahiago baduzu, posesiboen ordez, zuetar eta gutar irakurri). Nazioartean ezjakin samarra naiz, baina, Carles Puigdemont eta Luis Herrero gogoratu ditut kolpe bakarrean. Googlera jo gabe, kazetari-lanak egin dituzten izen asko ateratzen zaizkit, baita fikzioan ere: Tintin eta Clark Kent, batez ere, lan politikoan ageri dira komikietan.
Guztia omen da politika eta guztiok egiten omen dugu. Hala ere, gizaki arruntona biderketa baldin bada, kazetariena berreketa izango da. Sobera ere, horregatik ariko dira zientzia politikoetako hainbeste lizentziatu hedabideetan lanean.
Zertarako kontatzen dizudan hau? Apustu hauxe proposatu nahi dizudalako: Bizkaigipuzkoarabako hurrengo lehendakaria baietz kazetaria izan!
Aitor Calvillo
Elkarren arteko adostasunak lortzeko urrutira joan gabeko beste zenbaitzuk baino ahalmen handiagoa izango ote dute behintzat hauek, Asier! Baina, tira! Zuk aurkeztu duzun moduan badirudi kazetariok (ni ere informazio zientzietan lizentziatua bainaiz) politiko izateko jaioak izan garela (ez da nire kasua, momentuz). Ustelkeria kasuengatik izango ote? Ez dut nik hala uste. Ikasketa zorrotzak, jendaurrean aritzeko jariotasuna, oratoria… dohain berezi horiengatik izango da nonbait.
Honekin guztiarekin lotuta badaukat nik ere galdera bat, eta askotan komentatu izan dugu kalean. Kazetari batek nola mantendu neutraltasun politikoa bere jardunean? Erakutsi oso ondo erakusten digute kazetari batek informazioa eman besterik ez duela egin behar. Eta asko hala saiatu arren, beti egongo da beste norbait bideratutako iritzia eman duela adieraziko duena (erabili duen entonazioa dela eta, erabili dituen hitzak medio, Euskal Herria esan duela EAE esan behar zuenean…). Kazetari batzuk ezagutu ditut nik editorialaren ustezko kontrako norabidean jarduteagatik lanpostua galdu dutenak. Edota sigla politiko batzuei atxikitako norbaitek hedabide jakin batean lanpostua lortu eta besteak ez. Makina bat horrelako ezagutu ditut nik.
Hori bai, apustu egingo nuke irailaren 25ean botoa ematera joango direnek jakin ere ez dutela egingo hautagaietako batzuk kazetaritzan urtetan aritutakoak direnik. Izan ere, susmoa dut, «nik beti alderdi berdinari eman diot botoa eta horrela egingo dut oraingoan ere» gailentzen dela ingurumari hauetan, zerrendetan nortzuk doazen kontuan izan gabe askotan.