Gaztetasunaren ilusioak eta musika eskoletan ikasitakoa plazan erakusteko gogoak bultzatuta sortu zuten oraintxe urtebete –irailaren 25ean– Ordiziako eta Zaldibiako bost gaztek Altxa Gudari musika taldea. «Horixe izan zen gure artean adostu genuen lehenengo izena. Gero, jo behar genuen lehen kontzertuaren kartelerako izen bat behar zela esan ziguten, eta horixe jartzeko esan genien».
Iñaki Oria abeslaria (Zaldibia, 2001), Aimar Aiestaran (Zaldibia, 2001) eta Hodei Munduate (Zaldibia, 2003) gitarra-jotzaileak, Ibai Lopez baxu-jotzailea (Ordizia, 2001) eta Gorka Ormazabal bateria-jotzailea (Ordizia, 2000) dira Altxa Gudariko bost kideak. Gaztetxoak dira, baina serio-demonio aritzen dira oholtzan.
Aurreneko kontzertua apirilaren 8an jo zuten Ordiziako Gaztetxean Usurbilgo Kezka taldearekin; hurrengo biak Zaldibian, gaztetxearen urteurrenean –Zaldibiako Gureran taldearekin– eta gazte festetan; eta atzetik beste hiru etorri ziren, hirurak Ordizian: gaztetxean, Oiangun eta Eskarabilla auzoko jaietan. Hurrengo zuzenenekoa, berriz, gaur bertan –urriak 7– dute Zaldibian, Santa Fe jaien barruan. Oraingo honetan ere Gureranekoekin ariko dira. «Asko lagundu eta animatu gaituzte», nabarmendu dute. Kontzertua plazan da, 23:00etan hasita.
‘Altxa gudari’ abestia
Astean behin, eta batzuetan bitan, elkartzen dira entseatzeko Ordiziako Majori kiroldegian dauden musika lokaletan. «Hasierako kontzertuetan 11 kanta inguru jotzen genituen, baina pixkanaka errepertorioa zabaltzen ari gara». 80ko hamarkadako taldeen (Kortatu, La Polla, Cicatriz…) bertsioak jo izan dituzte batez ere, baina baita Soziedad Alkoholika, Iheskide eta Oliba Gorriak taldeenak ere, besteak beste.
«Azkeneko kontzertuetan 18 bat abestirekin ari gara. Saiatzen ari gara pixkanaka kanta berriak sartzen, eta jotzen ditugunen artean euskarazkoak gaztelerazkoak baino gehiago izaten». Uzta propioko lehen kanta ere sortu dute, Altxa gudari izenekoa, eta gaurko kontzertuan joko dute estrainekoz jendaurrean.
Estilo askotako musika dute gustuko –ska, reggaea, rocka, punka…–, eta haien talde kutunen artean Egurra ta Kitto, Zartakoka, Skakeitan eta Bi Bala daude. Taldearen estiloaz galdetuta, oinarrian punk-rocka dagoela erantzun dute. Bi helburu nagusi dituzte aurrera begira: batetik, kanta berriak sortzea; eta bestetik, Zaldibiatik eta Ordiziatik kanpo kontzertuak jotzea. E-mailez jar daiteke haiekin harremanetan:?altxagudari@gmail.com.