Marino Lejarreta Klasikaren bigarren edizioa egingo dute igandean Ordizian. Neil Stephens, Arritxu Iribar eta Baque Kafeak enpresa omenduko dituzte, eta taldekako erlojupekoan txirrindulari ohi ezagunek parte hartuko dute.
Txirrindulari onenak elkartzen dituen proba Frantziako Tourra da eta txirrindulari ohi onenak elkartzen dituena, berriz, Ordiziako Marino Lejarreta Klasika. Bigarren edizioa igandean izango da, eta aurten ere aurpegi ezagun asko elkartuko dira Ordizian. Txirrindulari ohien festa handia bihurtu da dagoeneko proba hau.
Bigarren ekitaldi honetan, Ordiziako Klasika lau aldiz irabazi zuen Neil Stephens txirrindulari ohia, Arritxu Iribar kazetaria eta Baque enpresa omenduko dituzte.
Lehen ekitaldiak larunbatean izango dira. 18:00etan Lejarreta, Stephens, Michael Rogers eta Iribarrekin mahai-ingurua egingo dute Barrena kultur etxean. Ondoren, 19:30ean, Ordiziako Twin Melody bikoteak plazan joko du. 20:00etan Serafin Zubirik Nino Bravoren kantak abestuko ditu, Hondarribiako bandarekin.
Igandean taldekako erlojuaren aurkako proba egingo dute. Bost laguneko 64 taldek parte hartuko dute, iazko bikoitza. Iaz oso txirrindulari ezagunek parte hartu zuten (Joane Somarriba, Claudio Chiappucci, Massimiliano Lelli, Joseba Beloki, Alvaro Pino, Gorospe anaiak, Fabio Parra, Allan Davis, Roberto Laiseka, Alberto Leanizbarrutia…) eta aurtengo partaidetza ere luxuzkoa izango da.
Parte-hartzaileak
Stephens australiarra da eta bere eskutik punta-puntako australiarrak etorriko dira: aurten Paris-Roubaix klasika irabazi duen Mathew Hayman, munduko erlojupeko txapelketa hiru aldiz irabazi zuen Michael Rogers eta Hugh Carthy. Hayman eta Carthy profesionalak dira oraindik eta araudiak baimentzen duen hirugarren profesionala Amets Txurruka bizkaitarra izango da.
Txirrindulari ohien zerrenda ere bikaina da: Melcior Mauri, Peio Ruiz Cabestany, Mathieu Hermans, Chechu Rubiera, Joseba Beloki, Abraham Olano…
Zubiri abeslariak ere parte hartuko du:?ibilbidea tandemean egingo du, Carthyrekin. Aipatzekoa da ere Roberto Solozabal Atletico Madril futbol taldeko jokalari ohiak ere parte hartuko duela.
Benetan bikaina da parte hartzaileen zerrenda. «Marino Lejarreta, Neil Stephens, Julian Gorospe eta Joseba Belokiren laguntzari esker lortu dugu halako partaidetza bikaina», azaldu du Jose Luis Sanz antolatzaileak.
Oso gustura daude ekimenak izan duen harrerarekin. «Marino oso garrantzitsua izan zen Ordiziako Klasikarentzat, Tourra Ordizian amaitzen zela esaten baitzuen. Hori dela eta, iaz bera omentzea erabaki genuen. Emaitza ikaragarria izan zen:?txirrindulari ezagun asko etorri ziren, solasaldia moztu egin behar izan genuen jendeak galderak egiteari uzten ez ziolako… Nahiz eta zubi baten erdian antolatu dugun, aurten ere arrakastatsua izatea espero dugu».
Helburuetako bat uztaileko klasikarako dirua ateratzea da. Hori dela eta, aurten partaidetza zikloturistei irekitzea erabaki dute. Bestalde minbizia duten haurren gurasoen elkarteak, Aspanogik, postu bat jarriko du. Bertan probaren maillotak salduko dituzte eta salmentatik lortutako diruaren portzentaje bat beraientzat izango da.