Goierri barrenean sorturiko blues-rock taldea da Starblues. 2010ean ekin zion bere ibilbideari eta sei urte hauetan sortutako hainbat lanekin taldearen lehenengo diskoa aurkeztu zuten orain egun gutxi Ordiziarrock jaialdiaren barruan.
Denborak aurrera ez duela egiten iruditu arren, orain dela urte asko ezagutu ziren Ordiziako musika eskolan Jon Barreros eta Urko Ruiz de Apodaka Starblues taldearen sortzaileak. Musika eskolan kombo talde bat sortu zen, eta hantxe hasi zen beraien arteko harreman musikala. Bakoitza bide batetik zetorren, talde ezberdinetatik, alegia, baina euren bideek topo egin zuten. Musikaren esparruan garatzeko ideia asko zuten biek buruan. Ideiak elkarbanatzen hasi ziren momentuan konturatu ziren bien aldetik bazegoela zerbait berria egiteko gogoa, eta garai hartan erabaki zuten blues talde bat sortzea; horrela sortu zen Starblues. «Konbo taldean bateria jotzen zuen beste tipo bat bazen, Fermin Etxeberria, tolosarra bera» adierazi du Jon Barrerosek. Etxeberria Starblueseko hirugarren taldekidea da.
Probatzen hasi ziren; hainbat abesti ezagunen bertsioak egin zituzten eta beraiek sortutako beste hainbat ere jotzen zituzten. «Bertsioekin jendea harrapatzen joatea zen intentzioa. Ondo aukeratutako abesti ezagunek beti dute bestelako tiradizoa», dio Barrerosek. «Hala ere garbi genuen, guk geuk ere abestiak egingo genituela» gehitu du Ruiz de Apodakak. Segituan konturatu ziren, gauza oso interesgarria atera zitekeela proiektu hartatik.
«Starblues hiru musikarik osatzen genuen; gitarra, baxua eta bateria genituen baina beste zerbait falta zela sentitzen genuen» nabarmendu du taldeko ahotsak. Laugarren taldekidea sartu zen orduan, tolosarra baita ere, Jon Labaien (teklatua). «Maila oso handia izan behar da hiru pertsonek bakarrik osatutako taldeak handi sonatzeko», dio Barrerosek.
«Gure artean, ea ze beste instrumentu sar genezakeen hitz egiten hasi ginen; beste gitarra bat? Teklatu bat agian? Andoni gure irakaslearen laguntzari esker, Labaienekin, laugarren taldekiderekin harremanetan jarri ginen», dio Ruiz de Apodakak. Jon Labaien, rocketik datorren musikaria da. «Hasiera batean pixka bat kostatu zitzaion arren, gustura aritu zen lehenengo momentutik», esan du baxu joleak. «Beste estilo batetik zetorrenez, oso erronka handia izan zen Starblues berarentzat», gehitu du. Gaur egun, taldekideetako bat izaten jarraitzen du Labaienek eta «oso gustura» dabil.Beste estilo batetik etortzeak «beste ukitu bat ematen dio taldearen osotasunari», adierazi dute bi ordiziarrek.
‘Gu geu’ disko berria
Sei urteko ibilbidearen ondoren Starbluesen lehenengo diskoa kalean dago. «Aurretik maketatxo bat egin genuen, joaten ginen tokietan gure burua aurkezteko» gogoratu du Barrerosek. «Sei urteren ondoren, beste pauso bat emateko garaia zen», nabarmendu dute bi taldekideek. «Horregatik ate joka hasi ginen han eta hemen, eta azkenean Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoei aurkeztutakoa gustatu eta Pottoka estudioetan diskoa grabatzeari ekin genion».
Disko berriak zortzi abesti ditu. Taldeak sortutako zazpi, euskaraz abestuak, eta bluesaren eta rockaren arteko bidearen erdialdeko lurraldera eramaten zaituen beste gai instrumental bat; Otis Rush, Stevy Ray Vaughn eta Ray Charles bezalako kutsua agerian dago.
Starblues izeneko kantak egiten dio sarrera diskoari. «Musika tresnen shufflea, Otis Rushen eta powerblues hirukote onenen espirituarekin, hammondaren soinu bikainak gainerako taldekideak biltzen ditu» diote. Ondoren, Beldurra iluntasunean dator, «gai barrenkoia, ezin hobe landutako pasarte harmoniatsuez ondua». Jarraian, Gu geu, «asmoen adierazpen garbia, zeinetan taldeak Stevie Ray Vaughn gogoratuaren nerbioa erreferentziatzat harturik, eta Sonny Boy Williamsoni keinuren bat eginik, pasartez pasarte aurrera egiten duen rockaren molde agerikoan amaitzen duen lelora iritsi arte; disko honetako gai berezienetakoa da», Starbluesekoen iritziz.
Gezur`N´ Blues, «betiko blues hertsiranzko itzulera, slow ez konformista baten kutsuarekin; aipagarria da gai honetan Jon Barrerosek bere gitarrarekin eta Jon Labaienek hammondarekin zein pianoarekin egiten duten lan aparta», adierazi du Ruiz de Apodakak. Ondoren, «iristen dira rock and roll moldeko eta jai giroan entzuteko» Musikaz Itsu eta Irudi biziak gaiak, «sarrera, New Orleanseko estilo petoari jarraitzen zaion pianoak egiten du eta mamboa, jazza eta shufflea hein bertsuan ageri dira». Lagun ezezagun gaian «taldeak berriro ere heltzen dio blues-rock bizienari» dio Barrerosek. Errepidean gaiak ematen dio amaiera diskoari. «Boogietik countryraino iristen diren estiloen nahastura bat da, sailkatzen zaila den pieza bat osatzen dute». Hori bai, Jon Barrerosek ondutako gai bakoitzaren originaltasuna erakusten du.