Idoia Agirre (Legazpi, 1993) futbolaria Amerikako Estatu Batuetan master bat egiten ari da eta unibertsitate ligan jokatzen du. Aurreko denboraldian hiru aldiz izendatu zuten asteko jokalari. Irailean urteko kirolari onenari dagokion saria eman zioten Legazpin. Amerikara joan aurretik, Legazpiko Ilintxan, Urretxu eta Zumarragako Urolan taldean eta Realean jokatu zuen.
Nolatan futbolzalea? Betidanik gustatu al zaizu? Noren eraginez? Etxean ere futbolzaleak al dira?
Txikitatik gustatu zait kirol desberdinetan aritzea. Hala, Legazpiko Haztegi ikastolan hasi nintzen kirolean. Bertan kirol gehienak probatu nituen, baina nire gustukoena betidanik futbola izan da. Nire etxean ez ziren oso futbolzaleak, baina nire anaia futbolean hasi zenean gurasoak futbol munduan sartu ziren. Ondoren ni izan nintzen futbol munduan sartu zena.
Noiztik jokatzen duzu futbolean? Zein taldetan eman zenituen lehen pausoak?
11 urterekin Legazpiko Ilintxa taldean hasi nintzen. Eskola kirola amaitu eta kirol bat aukeratzeko aukera eduki nuenean, ez nuen zalantzarik izan: futbola hautatu nuen. Lau urte eman nituen Ilintxan.
Zein taldetan ibili zara ondoren?
Ilintxan jokalari gutxirekin gelditu ginen, eta Urretxu eta Zumarragako Urolara joan behar izan nuen. Denboraldi bat eman nuen Urretxu eta Zumarragako taldean. Realarekin entrenatzera joaten nintzen eta hurrengo urtean beraiekin fitxatu nuen. Bost denboraldi eman nituen Realean.
Zergatik erabaki zenuen Euskal Herria utzi eta Amerikako Estatu Batuetako Anderson unibertsitatera joatea?
Masterra egitera etorri nintzen Amerikako Estatu Batuetara eta niretzat egokia zen programa zutela ikusi nuen. Aukera hori edukita, ez nuen zalantzarik izan.
Gogorra izan al zen Reala uztea?
Noski, Reala nire bihotzeko taldea da. Reala utzi eta beste herrialde batera joatea gogorra izan zen.
«Reala utzi eta beste herrialde batera joatea benetan gogorra izan zen»
«Kirol guztiak berdin baloratzen dituzte, bai gizonezko eta bai emakumezkoenak»
«Ohore da bat niretzat Irene Paredes legazpiarrarekin jokatu izana»
Zer aurkitu zenuen Hego Karolinako Anderson unibertsitatean? Futbol maila hemengoaren parekoa al da?
Amerikako Estatu Batuetako futbola Euskal Herrikoaren oso desberdina da. Oso fisikoa da. Alde teknikoa apur bat alde batera uzten dute.
Egun Connecticut estatuan ikasi eta jokatzen duzu. Nolakoa da zure eguneroko bizitza bertan?
Hemengo bizitza ikasketetan eta kirolean zentratzen da. Unibertsitateko kirolariok ez dugu ia denbora librerik. Beraz, futbolean jokatzen eta ikasten ematen dut eguneko denbora gehiena.
Bertako bizimodua Euskal Herrikoaren oso ezberdina al da? Zeintzuk dira hango bizimoduaren eta hemengoaren arteko aldeak?
Amerikako Estatu Batuetako bizimodua Euskal Herrikoaren oso desberdina da. Okerrena denetarako autoa behar dela da. Dena oso urruti dago. Supermerkatu txiki batera joateko edo beste edozer gauzatarako ere autoa behar da. Ordutegia ere Euskal Herrikoaren oso desberdina da. Arratsaldeko bostak aldera afaltzen dugu, adibidez.
Zer ekarriko zenuke handik eta zer eramango zenuke Euskal Herritik Amerikako Estatu Batuetara?
Amerikako Estatu Batuetatik kirolaren garrantzia eramango nuke Euskal Herrira. Hemen kirol guztiak berdin baloratzen dituzte, bai emakumezkoenak bai gizonezkoenak. Horri esker, gu oso baloratuak sentitzen gara. Adibidez, Seattle hirian jokatuko dugun txapelketa bat telebista nazionalean emango dute.
Euskal Herritik gastronomia ekarriko nuke Amerikako Estatu Batuetara. Hango janaria faltan sumatzen dut. Hemen fast food asko dago eta orokorrean nahiko gaizki jaten dute.
Zer moduz joan zen lehen denboraldia?
Lehen denboraldia oso ondo joan zen, unibertsitatearen historiako denboraldi hoberenetakoa izan zen.
Arlo pertsonalean, oso arrakastatsua izan zen. Zenbat gol sartu zenituen eta zenbat aldiz izendatu zintuzten asteko jokalari?
Aurreko denboraldian 22 gol sartu nituen. Egia esan, ez nuen espero hainbeste gol sartzea. Horri eta taldekideen lanari esker, hiru aldiz asteko Jokalari izendatu ninduten.
Zergatik erabaki duzu taldez aldatzea?
Ez diot futbolari bakarrik begiratzen. Ipar ekialdean, Connecticuten, praktikak egiteko aukera gehiago dut. Hori dela eta, etorkizunean lagunduko didan unibertsitate batera etortzea erabaki dut.
Nola hasi duzue denboraldi berria?
Denboraldia oso ondo hasi dugu. Hala ere, aurten beste futbol talde batean nago, beste multzo batean jokatzen dugu, eta beraz ezin dut iazkoarekin konparatu.
Denboraldi bukaeran iazkoa eta aurtengoa konparatzeko aukera edukitzea espero dut, horrek bi taldeak Txapelketa Nazionaletara heldu garela esan nahiko baitu.
Zeintzuk dira zuen erronkak denboraldi honetarako?
Jokatzen dugun guztia irabaztea..
Nolako aurrelaria zara? Ze ezaugarri dituzu?
Ni beti korrika egiteagatik nabarmendu naiz. Beraz, bizkorra naizela esan dezaket. Hemen ere, egunero nire abiadura hobetzeko entrenatzen dut. Esperientzia ere badut. Izan ere, unibertsitateko liga da, eta gehienak graduak egiten ari dira. Beraz, ni baino gazteagoak dira. Esperientziak asko laguntzen dit.
Noiz arte egon behar zara AEBetan?
Nire asmoa masterra bukatutakoan Euskal Herrira itzultzea da.
Bertan lan egiteko asmoa al duzu? Zertan lan egitea gustatuko litzaizuke?
Dagoeneko lan egiten ari naiz: 6 eta 10 urte bitarteko haurrak entrenatzen ditut. Hurrengo ebaluazioan nire masterrarekin erlazionatutako lan batean hasiko naiz. Hainbat eskaintza ditut eta orain aukeratzea tokatzen zait.
Futbolean luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Urtez urte noa. Horrela gehiago gozatzen dut. Ezin dut hurrengo denboraldian zer egingo dudan esan.
Futbol munduan gelditzen al zaizu ametsik betetzeko?
Amerikako Estatu Batuetako txapelketa irabaztea. Hemen denok hori irabazteko jokatzen dugu.
Zer diozu Legazpin eman dizuten sariari buruz?
Eskerrak eman nahi dizkiet legazpiarrei nitaz gogoratu izanagatik [Irailaren 16an banatu zituzten Kirol Sariak]. Kanpoan bizi naiz eta, beraz, zaila da nire lana jarraitzea. Nitaz gogoratu izana ohore bat da.
Legazpi futbolari harrobi bikaina da… Zer diozu Paris Saint Germain taldean jokatzen ari den Irene Paredesi buruz? Berarekin jokatu al duzu inoiz?
Realeko nire lehen denboraldian jokatu nuen Irene Paredesekin. Oso futbol jokalari ona da, estatuko onenetakoa. Ohore bat da niretzat berarekin jokatu izana.