Unidad Alavesa izenarekin sortu da Ataungo batasuna dirudien taldea. Ataungo hiru musikari elkartu dira proiektu berrian: Haritz Artola, Gurutz Bikuña eta Eneko Dorronsoro. Beasainen, Jazpana Fest!-en dute lehenengo kontzertua.
Zortzigarren aldiz antolatu du Beasaingo?Jazpana Kultur Elkarteak Jazpana Fest musika jaialdia. Herriko, eskualdeko eta kanpoko musika talde alternatiboen erakusleiho bilakatu da Bernedo-Eneko aparkalekuko karpa erraldoia. Aldi berean, Goierriko eta inguruko gazteen eta musika zaleen erreferentzia gune bada Jazpana. Aurtengo hitzordua jarrita dute Jazpana Kultur Elkartekoek: urriaren 28an eta 29an, estilo eta jatorri desberdinetako musika taldeen lana bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, dohainik.
Ataungo Unidad Alavesa
Goierriko taldeek beti izaten dute lekua Jazpanan. Aurten bi talde ariko dira: Barracuda eta Unidad Alavesa. Nikkin beasaindarraren ordez ariko da Ataunen sortu den Unidad Alavesa taldea.
Jendaurrean egingo duen lehenengo kontzertua da Beasaingoa Unidad Alavesarentzat. Sortu berria da taldea, baina musikariak beteranoak dira: Haritz Artola (Brigada Criminal, Bizardunak, Fiachras…), Gurutz Bikuña (Benito Lertxundi, Ancha es Castilla…) eta Eneko Dorronsoro (Los Zopilotes Txirriaos…). «Gurutz eta biok fundamentu handiegirik gabekoak garenez, Eneko Dorronsorori kantuak apaintzeko eskatu genion, gizon orkestra delako», azaldu du Haritz Artolak.
Ataungo hiru musikariren batasunetik sortua bada ere, 1989. urtetik 2005era bitartean Araban izan zen alderdi politiko baten izena hartu du taldeak: Unidad Alavesa, alderdi Popularretik banatutako alderdiarena. «Pablo Mosquera eta Enriqueta Benitoren aurpegiak etortzen zaizkit burura. Gauza frikien zalea naiz eta izen egokia iruditzen zait», dio Artolak.
Bi gitarra akustikok (Artola eta Bikuña) eta Enekoren banjoak, trikitiak… osatzen du Unidad Alavesa. «Enekok pieza bakoitzean instrumentu desberdinen bat jotzen du». Hirurek elkarrekin oso entsegu gutxi egin dituztela aitortu du Artolak, baina bederatzi kantu eginda dituzte dagoeneko. Hortik aurrera, ezer gutxi gehiago dakite: «Guk ere ez dakigu oraindik zer izango den edo non bukatuko duen».
Ibilbide musikal luzeko musikariak dira hiru goierritarrak eta talde ugaritan parte hartu izan dute, baina «Unidad Alavesak orain arte egin dudanarekin, ezerekin ez du antzarik. Horrelako musikarik ez dut sekula entzun», zehaztu du Artolak. Onena Jazpanara joatea dela dio: «Egia esanda, lau urtean segidan gauza berean arituta aspertu egiten naiz eta aldatzea gustatzen zait».
Abesti gehienak euskaraz kantatzen dituzte, bederatzitik zazpi; gainerako biak, gazteleraz. Jazpanan bertsioren bat ere joko dutela aurreratu dute, «40 minutu bete beharra dauzkagu eta».
Diskoa kaleratu aurretik kontzerturik jotzeko asmorik ez bazuten ere, beasaindarrek egindako gonbitari ez diote ezezkorik esan: «Talde bat erori zela eta, Jazpanakoek eskatu ziguten mesede bezala joko genuen. Egia esan Euskal Herri mailan egiten den jaialdirik onenetakoa da eta baiezkoa esan genien». Lehenengo kontzertua «edozein toki kaskarretan» egin beharrean, «handian» egingo dute estreinua: «Eszenatoki eta karpa handi batean…», dio Haritz Artolak, irribarrez.
Diskoa buruan
Diskoa grabatzeko asmotan dira ataundarrak, «ez dakigu urrian edo abenduan hasiko garen, baina grabatuko dugu». Gogotsu daude proiektu berriarekin, eta behin aurkezpenerako diskoa kaleratu ondoren, kontzertua gehiago jotzeko asmoa du hirukoak.
Jazpanaren egitaraua
Beasaingo Bernedo?Eneko aparkalekuan, urriaren 28an eta 29an izango diren ekintza nagusiak ondorengoak dira.
- Hilak 28, ostirala. 22:00etan hasita, Barracuda, Monte del oso, Viva?Belgrado, Inoren Ero Ni, Betunizer eta Rocket disko jartzailea.
- Hilak 29, larunbata. 19:00etan hasita, Baobabs, Will Destroy Your Planet, Izaki Gardenak, Last Train, Morgan, John Berkhout, Nudozurdo, Unidad Alavesa, Grises eta Coco disko jartzailea.
- Reziklantes, instrumentu birziklatuak. Familientzako tailerra Zubimuzu plazan instrumentu birziklatuak sortzeko.
- Look Jazpanero lehiaketa. Fashion Ole proiektuak Look Jazpanero lehiaketa egingo du.