Josu Aztiria
Joan den astean Estatu Batuetako presidentziarako hauteskundeen inguruko erreportaje batean, Mikel Reparaz kazetari apartak Mexiko eta AEBren arteko mugan bizi zen eta bere burua mugaren bi aldekotzat duen historialari bati elkarrizketa egin zion eta honakoa bota zuen: «Gugandik urrutien dauden horiek dira, gehien gorrotatzen gaituztenak», mugatik urrutien bizi diren herrikideei buruz. Trumpek eta harek bezala pentsatzen dutenek mugaz bestaldekoak etsaitzat nola dituzten salatzen zuen.
Arrazakeriaren eta desberdinarekiko gorrotoaren ernamuina honakoa baita sarri: elkar ezagutza falta eta horrek sortzen duen aurreiritzi multzoa; eta aurreiritziak era berean horma ikusezina sortzen du bestearekiko gerturatzea eta elkar ezagutzea galarazten duena.
Badira lau urte, SOS Arrazakeriakek Bizilagunak ekimena martxan jarri zuela eta igande honetan Goierriko hainbat herritan ospatuko da. Ideia sinplea bezain indartsua da: bertako familia eta norbanakoak atzerritik etorri eta gaur egun herrikide edo bizilagun ditugun familiekin elkartu eta elkarrekin bazkaltzea. Otordu baten bueltan elkar ezagutzeko eta horma ikusezin hori eraisten joateko ekintza xumea. Zure etxeko ateak ireki, bazkari bat prestatu eta elkarrekin hitz egitea.
Elkar ezagutzea baita biderik eraginkorrena aurreiritziak eta estereotipoak apurtzeko. Eta otordu batean denez, askoz hobe.
Gorka Erostarbe
Ekimen txalogarria da SOS Arrazakeriak abiaturiko Bizilagunak, zer duda egin. Abiapuntu polit bat ezar dezake, elkargune bat, elkar-ulertze eta ospakizun testuingu bat. Baina nago hortik aurrerakoa norberak egin beharrekoa dela, nola gogoeta mailan hala ekintzetan berdin. Beldurra gauza humanoa dela esan ohi dugu, baina beldurrak garroak luzeegiak ditu. Beldurra haizatzen dute goi-goikoek gu euren menera erabiltzeko; eta guk ere beldurra darabilgu, gure atzea salbatu ustean, desberdin zaigun hura alboratzeko ez ezik, sarri ezabatzeko ere bai.
Etorkinen herriak izan ditugu, zorionez, gure Zumarraga Urretxuok. Extremeñoak, gaztelarrak, andaluziarrak, ijituak, marokoarrak, pakistandarrak, senegaldarrak, ekuadortarrak, brasildarrak… baina zenbat hesi oraindik, zenbat murru fisiko nahiz mental. Aitor dut; gustuko dut Filipinar Irlak kalean gora joatea, umetan amonarenera joaten nintzen moduan, eta kebabaren usaina hartzea. Edo Piedad kaleko frutategian sartu eta saltzaileak pakistanieran entzutea. Primeran, Gorka, zein buru-irekia zu! Zenbat aldiz egin diezu hitz, ordea, naturaltasun gutxieneko batez? Galdetu al diezu inoiz zer moduz doakien? Nondik eta noiz etorri ziren? Zein traba izan dituzten?
Inoiz ez. Bestetasuna ikusten dutelako ene begiek; oso jarrera ireki-progresista-guaya izanagatik, haiek besteak izaten jarraitzen dutelako. Eta bestetasuna arrotza da, bestetasuna beldurra da. Hizkuntzatik beretik has gintezke gaia iraultzen; bestetasuna desagertzen has dadin, eta bizilagun huts modura ikus eta trata ditzagun, zer moduz etorkin hitza bera erabiltzeari utziko bagenio? Denok ere nonbaitetik etorriak izango gara ba…