Ez da edozein izaten 21 urterekin munduko txapeldun. Xabier Ibargurenek (Lazkao, 1995) pala motzeko munduko 22 urtez azpiko txapelketan dastatu zuen urrearen zaporea, urriaren 29an, Miarritzen.
Zer moduz ematen dizu urreak?
Oso ondo. Oso gustura ibili naiz Munduko Txapelketan, izugarrizko esperientzia izan da.
Noiztik zabiltza palarekin?
Zazpi-bat urterekin hasita. Baina serio, 12-13 urterekin hasiko nintzen. Hasieran kirol denak egiten nituen. Orain, pala eta tarteka aizkora. Kirol espezialak, jende gutxik egiten dituenak, nik egiten ditut.
Non hasi zinen?
Olaberrian. Orain Ordiziako Oiangu klubean entrenatzen dut. Orain Olaberrikoa pixka bat galtzen ari da, baina garai batean ekipo sendoa zegoen, eta han hasi ginen. Ordiziakoa, berriz, Gipuzkoako pala gune indartsuenetakoa da.
Ondo ezkontzen al dira pala eta aizkora?
Aurten aizkora ez dut ukitu, Mundialagatik. Baina bestela bai. Eskuak gogortzeko ere ondo dago. Baba batzuk egiten ditugu oraindik, baina tira.
22 urtepekoen Munduko Txapelketako aukera nola iritsi da?
Nire ustez, GRAVNI irabaztea izan zen giltza. Sebe Artzelus hautatzailea ikusten zen, eta hots egin ziguten gero. Proba batzuk egin genituen, baina hasieratik garbi zeukan joan behar genuela. Afizionatuetan jokatzen dut, aurten 1. mailan.
Noiz hasi zineten prestatzen?
Gu hiru hilabete lehenago. Beste selekzio batzuk lehenago; Argentina, adibidez, 8 hilabete lehenago, psikologoarekin eta. Guk, entrenatzatzailea eta gu. Espainian ez dago diru asko. Eta Euskal Herrian ere, euskal kirol bat izanda, ez dago afizio asko. Ipar Euskal Herrian gehiago, han eskuz baino gehiago.
Hegoaldean, kontrakoa.
Hemen dena eskua da. Erreminta, gutxi. Entrenatzeko eta, azkeneko orduetan jartzen gaituzte, ordu sobranteetan.
Eta, hala ere, ezpala badago?
Bai, maila zer edo zer badago palan. Maila altuena Frantziak eta Mexikok dute. Argentina ere ondo prestatuta joan zen.
Profesionaletara jauziaz, zer?
Profesionaletan, ikusten dut plantilla txikia dagoela, eta dauden pilotariak oso onak. Orain gutxi haiekin Donostiako Irekia jokatu dugu. Gustura ibili nintzen, baina beste maila bat daukate. Modalitatea ere aldatu egiten da, pala luzera.
2017an maila absolutura igaroko zara. Maila asko igotzen da?
Haiekin entrenatzen ibili gara, eta maila bat gorago daude. Baina ez da izugarrizko aldea, behin maila handi batera iritsitakoan. Pala oso kirol azkarra da, eta segundo erdi bat beranduago emanez gero pilotari, ez daukazu zer eginik. Ondo egon behar duzu, momentua bilatu eta jokoarekin egon.
Zeini eskaintzen diozu domina?
Galdera ederra! Ez dut pentsatu oraindik… Gehien bat nire familiari. Eta lagunei, lagundu didatenei, eskolan eta lanean denbora librea utzi didatenei. Zeren nik berez ezin nuen joan Munduko Txapelketara, hamar egun. Utzi egin didate, eta horiei ere eskerrak.