Jose Luis Zabalok (Ezkio, 1941), hamar urte zituela, aitari laguntzen zion Santa Lutzi feriara ganaduarekin. Orduz geroztik eta orain bi urtera arte, urtero eraman ditu behorrak eta moxalak azokara.
Nola gogoratzen duzu garai hartako feria?
Urretxuko aldapa Altamiraraino bete-bete eginda gogoratzen dut. Zelai Ariztiko parkean eta goialdean ere denean zeuden abereak.
Kanpotar asko etortzen zen orduan? Tratanteak?
Bai, valentziarrak ziren gehienak. Asko estimatu dituzte hemengo behorrak. Lanerako eramaten zituzten. Hemengoak baxuak dira eta laranjondoen azpian lanean aritzeko zaldi onak dira. Orain, erosleek loditegietara eramateko erosten dituzte; loditu eta haragitarako erabiltzeko. Garai batean, valentziarrek behorrak erosi, eta abereak gordetzeko bertako ukuiluak alokatzen zituzten, feriak ez baitzuen egun bakarrez irauten.
Santa Lutzi eguneko feria ez al zen egun bakarrean ospatzen?
Ez. Abenduaren 14ko eguna 13koa bezain inportantea zen, eta beste egun batez ere luzatzen zen. Ganadua bertako ukuiluetan gordetzen zuten eta Renfek jarritako bagoietan eramaten zuten. Orduan ez zen kamioirik erabiltzen. Bizpahiru bagoi ateratzen zen Zumarragatik.
Nolakoa zen feria giroa?
Ona. Ez zegoen bestelako produktuak saltzeko postu askorik. Sagarren eta kapoien guneak gerora ipini zituzten.
Ez al zegoen postu askorik?
Abere ez bestelako postuak denbora gutxitik hona jarri zituzten. Garai batean Santa Lutzikoa abere feria zen soilik. Behi eta idi gutxi zegoen. Zumarraga-Urretxukoa zaldi azoka zen. Tratante askorentzat oraindik ere la feria de Villarreal izango da.
Luzaroan urtero eraman duzu ganadua.
Bai, behorrak. Lehen ez zegoen erakusketarik, ez eta sariketarik ere. Traturako feria izaten zen.
Zein zen traturako prozedura?
Zer zegoen ikusi, zer eskatu, zer agindu, gora-beherak, zenbatean jarri eztabaidatu eta tratua itxi. Lehen bakarrik ez, orain ere hala egiten da.
Asko aldatu al da feria?
Aldatu ez, gastatu. Egun produkzio txikia dago, prezioak ere txikiak dira eta bete beharreko izapideak, asko. Gazteek ez dute jarraitu nahi. Lehengo zahar batzuk bukatu, eta amaitu egingo da. Santa Lutzikoak, gastatzen ari den arren, eusten dio oraindik. Iruñekoa, Altsasukoa, Aguraingoa… Gastatu dira.