‘Goierriko?Hitza’ eta Goierri Telebista saio berria prestatzen ari dira elkarlanean. ‘Goierrira GHiltza’ izango du izena eta abenduaren 21ean eskainiko dute aurreneko saioa, kalean grabatutako erreportajeekin.
Txikien arteko elkarlanetik gauza handiak sortzen direla esan ohi da. Hori da Goierriko bi komunikabide nagusiek, Goierriko Hitzak eta Goierri Telebistak egin nahi dutena, elkarlanean, proiektu berri bat jarri baitute martxan. Aktualitateko gaiak eta erreportajeak landuko dituen telebista saioa izango da, Internet bidez ere ikusi ahal izango dena. Elkarlan hori fruituak ematen hasi da dagoeneko, eta datorren astean ikusgai izango da aurreneko saioa.
GiTB eta Hitza marken bategitetik sortu da GHiltza, Goierriko aktualitatearen giltza izan nahian. Izan ere, albisteen zurrunbilotik kanpo egonagatik, egunerokoak eta gertukoak diren gaiak landuko ditu, jendearekin aurrez aurre egonda. Era berean, Goierriren izaera ere erakusten saiatuko da, saio berria.
Elkarlanetik sortutako proiektua izaki, Goierri Telebistako kamera eta teknikariak, Goierriko?Hitza-ko kazetariekin batera arituko dira lanean. Formatoari dagokionean, magazine motako saioa izango da. Kalean grabatutako bi erreportaje nagusi sartuko dituzte, hamar bat minutukoak.?Horrekin batera, platoko aurkezpenak eta ikusleen atal bat izango ditu saioak. Aurkezle lanak, Nagore Arozenak egingo ditu. Mikrofonoarekin berriz, Hitza-ko kazetariak ariko dira.
Ikusleen argazkiak
Programa berrian, kazetariek eta teknikariek ez ezik, irakurleek ere izango dute parte hartzeko aukera.?Izan ere, Goierriko txokoen atal bat izango du, irakurleek bidalitako argazkiekin. Onenen artean, sariak zozkatuko dira 2017. urtea bukatzerako. Argazkiak twitter bidez bidali behar dira, #goierriraghiltza traolla erabilita eta @GITBinfo eta @goierriHitza etiketatuta.