Hamahiru urte daramatza Alex Gibelaldek (Beasain, 1981) Internetaren sarean lanean. Ez da geldirik egotekoa eta Google eta Twitter bezalako enpresa handietan lanean aritu izan da. Une honetan, beste egitasmo berri batean dihardu, HBO proiektuan.
Noiztik zabiltza Internetaren sarean lanean? Lehenengo urteetan zertan aritu zinen?
Betidanik lan egin dut sareko alorretan. Enpresa handietan sartu baino lehenago, Donostian aritu nintzen agentzai desberdinetan enpresa eta instituzioen web presentzian lan egitean, besteak beste. Donostian Eurogap marketing konsultoria lanetan hasi nintzen. Euskal enpresei marketing alorrean aholkularitza estrategikoa eskaintzen genien, batez ere sareko presentzian espezializatu nintzen, webguneak egin eta sareko erakusleiho horretan nola azaldu laguntzen. Bertan bi urte egon ondoren Google-ra salto egin nuen.
Google mundu mailako enpresa handia da. Zertan aritu zinen?
Google-en Europako enpresa txikien departamentuan hasi nintzen, Interneteko bilatzaileen pubilizatearen sorreran. 2006. urtean Google Europara sartu berria zen eta oso langile gutxi ginen, bertan beraz azkar hazteko aukera ugari izan nituen. Dublinen hasi nintzen, eta ia 3 urte bertan egon ondoren Madrilera pasa nintzen enpresa txikien marketing arduradun bezala. Bertan hazten joan nintzen eta ardura postu desberdinak izan nituen marketing departamentuan, bai Googlen eta bai YouTube-en.
Eta Twitterrean ere aritua zara.
2013an, Twitterrek Madrilen bulegoak ireki zituen eta bertan marketing zuzendari bezala ibili nintzen pare bat urtean. Lehengo urtean atseden bat hartu nuen eta aholkulari bezala jarri nintzen. Hala ere, segituan beste proiektu handi batean sartzeko aukera izan nuen, eta bertan sartu nintzen.
Zertan ari zara orain?
Orain HBO enpresan nago Espainiako marketing digitalen eta salmenten zuzendari bezala. HBO Juego de Tronos, Sexo en Nuevo York, The Wire, Westworld … egin eta banatzen dituen enpresa da. Aurten Espainiara salto egingo du Interneteko zerbitzu bezala eta bertan nabil. Urtea bukatu baino lehenago hboespana.com zerbitzua kaleratuko dugu HBO eta beste estudioetako serie, pelikula eta dokumentalekin. NIre ardura bertara erabiltzaileak eraman, alta eman eta serieak ikustea da.
Garai batean, telebistan ateratzen ez zena ez zela existitzen esaten zen. Gaur egun, Interneten ez dagoena ez da existitzen?
Mugikorrei esker, azken urteetan Internetaren erabilera guztiz normalizatu da. Lehen telebistan edo irratian zeuden bezala, orain bezeroak Interneten ere badaude, beraz nire gomendioa nahiko oinarrizkoa da; zure bezeroak non, zu han.
Enpresa batek bere marketinga egiteko momentuan zer hartu beharko luke kontuan? Webguneak, sare sozialak… Zein irizpide jarraitu beharko lituzkete?
Enpresak beraien bezeroak dauden tokietan egon behar dute. Erabiltzaile gehienak sareetan daude, arlo profesionalean adibidez Linkedin aukera zehatzagoa izan daiteke. Gure bezero finalak kontsumitzaileak badira beste sareetan egotea baloratu behar da.
Zein onura ekarri du Internetak?
Onura asko ekarri ditu sareak, batez ere edonolako informazioa argitaratu eta jasotzeko aukera, edonorekin momentuan komunikatzeko aukera… Argi dago onura asko ekarri dizkigula gure egunerokora.
«Informazioa hedatzeko abiadurak bere kalitatea ere kaltetu du»
«Masifikatzen diren gauza guztiak bezala, kalteak ere ekar ditzake Internetek»
«Kazetariak inoiz baino garrantzitsuagoak zarete benetazko berriak hedatzeko»
«Orain bezeroak Interneten ere badaude, beraz, zure bezeroak non, zu han»
Eta zein kalte?
Masifikatzen diren gauza guztiak bezala, kalteak ere ekarri ditzake. Nire ustez, edonork edozer gauza argitaratzeko eta hedatzeko aukerarekin, informazioaren zehaztasuna galdu da. Askotan informazio hedatzeko abiadurak, bere kalitatea ere kaltetu du.
Alde pertsonalean, egun osoa mugikorrari begira pasatzen ditugun orduak, gure inguruan ditugun gauzak galtzea ere esan nahi du. Arreta gehiegi jartzen diogu sareari.
Eta sare sozialek?
Sare sozialak eta Internet bat dira, gaur egun ez dago diferentziarik.
Sare sozialen arriskuez askotan hitz egiten da.
Bai, ondo erabiliz gero, arriskuak minimizatzen dira. Gogoratu gurasoak txikitan erakutsi zizkigutenak sare sozialetan ere berdin balio dutela. Zentzu komunarekin erabiliz gero, ez lukete arriskurik ekarri behar: zure informazio pertsonala ez hedatu, etxeko atea ezezagunei ez ireki, ezer esan baino lehenago bi aldiz pentsatu…
Komunikabideon kasuan, prentsa idatzia eta Interneta nola uztartu beharko lirateke?
Prentsa idatzia eta Interneta batera joan dira hasieratik. Argi dago Interneteko erabiltzaileak garenak kalitatezko informazioa bilatzen dugula. Prentsa idatzia moldatzen ari da, medio digital berriak ere jaiotzen dira… kazetariak inoiz baino garrantzitsuagoak zarete informazio boragine honetan benetazko berriak hedatzeko.
Garrantzitsua da erabiltzailea eboluzionatzen joan den moduan, prentsa ere berarekin eboluzionatzen joatea. Gogoratu papera edo digitala medioa besterik ez dela, benetazko balorea hedatzen duzuen informazioan dago.
Batzuk Facebook zaleak dira, beste batzuk Twitter zaleak, Instagram… Zein duzu sare sozialik gustukoena?
Profesionalki denak erabiltzen ditut, bakoitzak gauza desberdinetarako balio baitu. Hala ere, pertsonalki niri gehiena Twitter gustatzen zait, bertan interesatzen zaizkidan berriak eta profilak jarraitzen ditut. Facebook ez zait batere gustatzen eta Instagram-eko postureoak ere aspertzen nau.
Zenbait jende Internetik gabeko mugikorretara itzultzen ari omen da. Irudikatzen al duzu zure bizitza Internetik gabe?
Egia esan zaila egiten zait, lanik gabe geratuko nintzatekelako. Hala ere, urtero koberturarik ez dagoen herritxoetara joaten naiz oporretan, nik behintzat deskantsu bat behar dut. 24 ordutan 7 egunetan konektatua egotea gehiegizkoa da. Ulertzen dut jendea nekatua egotea. Hala ere, espero dut hurrengo urteetan erabilera pixka bat normalizatzen joatea.
Euskarak ere badu lekua Interneten. Hizkuntza gutxituen artean erabilienetakoa omen da.
Euskarak beti izan du bere lekutxoa, hala ere ez da gehiegi erabiltzen Interneten. Euskara Internet erraldoi hauetan sustatzea nire nahi bat izan da beti eta gauza asko lortu dira. Hala ere, estatistikak ikustean euskara Interneten kalean baino gutxiago erabiltzen dela ikusten da. Beraz, bada ordua pixka bat gehiago erabiltzeko. Zaila da enpresa pribatuei euskaraz kaleratzeko eskatzea, gero erabiltzen ez badugu.