Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua ikasten ari da Maddalen Castejon (Beasain, 1995) Donostiako Deustu unibertsitatean. Aurtengo ikasturteko lehenengo zatia Indian egin du, Erasmus programari esker. «Unibertsitateak destino eskaintza zabala du baina nik Erasmus desberdin bat nahi nuen, zerbait desberdina, akademikoaz gain pertsonalki ere ekarpenen bat egingo zidana».
Indian non zaude?
Bangaloren nago, hegoaldeko hiri batean, 11,5 milioi biztanle inguru ditu. Bizitzeko oso hiri interesgarria da, denetarik aurki daiteke. Sei hilabeterako etorri naiz eta graduko azken urteko lehen seihileko ikasketak burutzen dihardut, National School of Business unibertsitatean.
Zer moduzko esperientzia ari zara bizi izaten?
Ederra, esperientziaz betea. Hain da gure bizimodutik desberdina. Beste mundu bat da, beste errealitate bat. Nahiz eta egokitzea ez zen erraza izan, behin martxa hartuta nolabaiteko erakartasuna duela konturatu naiz eta asko disfrutatzen nabil.
Zerk harritu zaitu gehien?
Gauza askok. Alde batetik trafikoak. Eromena da. Hasiera batean araurik gabeko kaosa dela dirudi, eta hala da, baina denborarekin nolabaiteko kaos antolatua dela konturatzen zara.
Zaborrak ere harritu nau. Kaleetan aurki daitekeen zikinkeria, zaborra. Zabor artean bizi dira eta ez dute horren inguruko inolako kezkarik. Berdin zaie.
Duten pazientziak atentzioa eman dit baita ere. Trenaren zain zazpi ordu egon daitezke edo hiru ordu trafikoan harrapatuta. Ez dute presarik, momentua bizitzen dute. Arazoen aurrean ere ez dira haserretzen; osasunarentzat txarra dela diote eta haserretzeak ez omen du arazorik konpontzen.
Pozik bizi dira beraz.
Asko harritu eta gustatu zaidana jendearen irribarrea izan da. Kaleetan pobrezia handia ikus daiteke, baina ikusten diren eta eskaintzen dizkizuten irribarreak ahaztezinak dira. Askoz ere gauza gutxiago daukate, baina beti dute irribarrea ahoan. Ez dituzte guk bezainbeste gauza behar pozik bizitzeko.
Bertako jendearekin harremanak izateko aukerarik baduzu?
Bai. Unibertsitatean neu izan naiz ikasle kanpotar bakarra; beraz, egunerokotasunean bertakoekin ibili naiz. Atseginak dira eta taldean oso ondo hartu naute.
Noiz arte zaude Indian?
Dagoeneko kurtsoa amaitu dut hemen, baina urtarrilaren 23ra arte luzatuko dut egonaldia. Herrialde handia da eta ikusteko asko dagoenez…
Turismorako aprobetxatu duzu.
Bai. Unibertsitatean jarduteaz gain herrialde guztian zehar bidaiatzeko aukera izan dut eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da. Errealitate oso desberdinak ikusi eta ezagutu ditut eta bidaiak, daukadana gehiago baloratzen erakutsi dit.
Pertsonalki zertarako balio izan dizu Indiako esperientziak?
Ezagutza gehitu dut motxilara. Egonaldi honek, neure burua hobeto ezagutzen lagundu dit. Hori daramat nirekin eta baita mundu osoko lagun piloa ere!