Osagaiak
(4 pertsonentzat)
- 2 txekor masail (kilo bat inguru)
- 2 tipula handi
- 2 baratxuri ale
- 4 piper berde
- 2 porru
- Txakolina
- Haragi salda
- Gatza
- Piper hauts beltza
- Oliba olioa
Prestaketa
Hasteko masailak ondo garbitu behar dira, haragiaren inguruan dituen zainak eta geruzatxoak laban zorrotz batekin kenduz. Ondoren ozpindun ur hotzetan sartu, odol hondarrak eta zikinak kentzeko, eta ondo lehortu.
Irinetan pasa eta zartagin batean olioarekin alde guztietatik gorritu. Garrantzitsua da asko ez mugitzea, pixka bat hondoari erantsiaz. Behin ondo gorritutakoan atera eta gorde egin behar dira.
Erabili dugun oliotara barazkiak gehitzen dira, puska handitan moztuta, su bizian, ondorengo hurrenkeran: tipula, baratxuria, porruak eta piper berdeak. Gatz eta piper hauts beltza bota eta su nahiko bizian egiten jarraitu pixka bat hondoari helduz, baina erre gabe, tonu iluna har dezaten.
Behin barazkiak ondo gorritu direnean txakolin basokada bat gehitu, eta alkohola lurrundu denean, masailak eta ontzian utzi duten zukua gehitu, eta haragi saldarekin estali.
Su eztian egiten utzi bizpahiru orduz. Samurtu diren jakiteko tarteka ziztatu, eta samurtu ahala ateratzen joan, bestela desegin egingo baitira.
Masailak ateratakoan, barazkiak xehatu eta iragazi. Ondoren masailak saltsatan su eztian eduki zaporeak bateratzeko.
Zerbitzatzeko
Masailak bakoitzaren gustura zatitu eta saltsarekin estalita zerbitzatu. Lagungarri gisara bakoitzak nahi duena jarri dezake: onddoak, barrengorriak, barazkiak, ilarrak…
Barrukien erreinuan
Ordiziako Aldasoro tabernan sei urte egin ondoren, Juanjo Martinez de Rituerto lazkaotarrak bere bizitzako aro berri bati ekin dio jaioterrian, Lazkaon, Aldasoro Berri zabalduta. Taberna modernoa da, handia, baina aldi berean goxoa, jantoki pribatua ere bai baitu. Aldasoro Berrin Ordizian arrakasta izan zuen bideari jarraitzen diote Juanjok eta haren emazte Maria Jose Dominguezek, etxeko sukaldaritza eskainiz, merkatukoa eta garaikoa. Barruki platerak berreskuratu dituzte: tripakiak, muturrak, txerri hankak, mingaina, arkume errota… Horrez gain entsaladek, garaiko arrainek eta etxean egindako azkenburukoek osatzen dute jatetxeko eskaintza:onddo eta foieaz betetako txerri hankak, olagarroa feira erara, etxeko gazta tarta… Tabernara gerturatzen denak, berriz, pintxoz betetako barra aurkituko du.